Bergarako Udalak, herriko dantza elkarteekin elkarlanean, Bergarako Dantzaren Eguna antolatu du. Ekimenak herriko kale eta espazio nagusiak hartuko ditu, dantza publikoari gerturatzeko eta haren aniztasuna erakusteko.

Aurtengo programazioa maiatzaren 10ean hasiko da, eta egun horretan ibilbide formatuko saioak egingo dira herriko hainbat gunetan. Jarduna 11:30ean hasiko da Laboratoriumen, eta ondoren Ariznoa plazan (epaitegia) eta Munibe plazan izango dira emanaldiak. Ikuskizuna ibilbide jarraitu baten moduan antolatu da, eta Bergarako Musika Eskolako trikitilariek girotuko dute.

Bestalde, programazioak jarraipena izango du maiatzaren 15ean, 21:30ean, "Argi ilunak" izeneko ikuskizunarekin Munibe plazan.

Ekimen honetan hainbat dantza taldek hartzen dute parte, besteak beste: Moises Azpiazu Dantza Taldea, Bergarako Musika eta Dantza Eskola (BMDE), Camden Dance Studio, Abarka Dantza Taldea eta Taupa Dantza Taldea.