Astearte arratsaldean banatu da 2026ko Monzon-Ganuza, Euskal Utopikoei Saria Bergarako Seminarixoan, eta aurtengo sariduna Miguel Castells Artetxe abokatua izan da. Ekitaldian Bergarako Udalak eta Olaso Dorrea Fundazioak saria emateko filosofia gogorarazi dute: Euskal Herriaren, euskararen eta kulturaren alde bizitza osoa eskaini duten pertsonak omentzea.

Saria jasotzean, Miguel Castellsek esker hitz bereziak eskaini dizkie bere belaunaldiko eta ondorengo belaunaldietako abokatuei, bere lana haiekin batera ulertzen dela nabarmenduta. Bere hitzetan, “Sentitzen dut saria jaso dudala 1950eko hamarkadaren amaieratik aurrera Euskal Herrian motibazio politikoko akusatuak Euskadin defendatzeko konpromisoa hartu genuen abokatuen erreferente edo kide izateagatik. Sari hau ez dut bakarrik jasotzen. Tortura salatzeagatik epaituak izan zirenak, kartzelan egon zirenak eta gaur egun oraindik ere lanean jarraitzen dutenak dira benetako protagonistak. Txaloa guztientzat”.

Castellsek berriro azpimarratu du motibazio politikoko auzien defentsa izan dela bere lanaren zutabe nagusia: “Delitu arrunta egoistagoa da; delitu politikoan, berriz, gizarte hobe baten aldeko grina dago. Horregatik izan da niretzat defendatzeko modurik duinena”.

Halaber, berriro kritikatu du Audientzia Nazionalen jarduna, eta epaiketa politikoetan “epaile naturalaren” garrantzia aldarrikatu du: “Euskal herritarrak Euskal Herrian epaitu behar dira, herri-epaimahai baten aurrean. Audientzia Nazionala ez da ez herri-epaitegia, ezta epaile naturalena ere”.

Ekitaldian Bergarako alkate Gorka Artolak ere parte hartu du, eta Castells omendu du bere ibilbide luze eta konprometituagatik. Artolaren hitzetan, “Miguel Castellsen izena lotuta dago konpromisoari, ausardiari eta zuzenbidearen bidez egindako erresistentzia demokratikoari. Urte luzez gure herriaren eskubideak defendatzen jardun du, askotan haize kontra. Gaurko aitortzak iragana omentzen du, baina etorkizunera begira jarri nahi gaitu. Zorionak, Miguel, eta mila esker bihotzez”.

Olaso Dorrea Fundazioko presidente Irati Jimenezek nabarmendu du Castells “erreferente juridiko eta etiko paregabea”dela. Jimenezen hitzetan, “Castellsen lanak unibertsitateetan ere jarraitzen du irakasten, eta bere praktika juridikoa beti ahulen alde egindako konpromiso etikoan oinarritu da”.

Monzon-Ganuza, Euskal Utopikoei Saria 2021ean sortu zuten Bergarako Udalak eta Olaso Dorrea Fundazioak, Telesforo Monzon eta Maria Josefa Ganuza omenduz. Aurreko edizioetan ondokoak izan dira sarituak: Libe Goñi (2021), Jose Luis Elkoro eta Mari Karmen Ayastui (2022), Xabier Amuriza (2023), Jose Mari Esparza (2024) eta Amaia Zubiria (2025).

Castellsen ibilbidearen gakoak:
Aurretik jasotako informazioaren arabera, Castellsek historia markatu duten hainbat pasarte izan ditu:
• Burgosko Prozesuko abokatua izan zen (1970).
• Txikiren testamentu politikoa 1975ean Euskal Herrira ekarri zuen.
• Amnistiaren Aldeko Batzordeen sortzaileetako bat izan zen.
• Tortura eta hilketa zigorgabeak salatzeagatik zigortu zuten (1983), eta Estrasburgon irabazi zuen (1992).
• Euskal errefuxiatu eta deportatuen babes juridikoan aritu da.
• 60 urtez ofiziozko abokatu gisa jarduteagatik Gipuzkoako Abokatuen Elkargoak ere omendu du (2020)