Bergarako Udalak indarrean dagoen Trafiko Ordenantza berritu du, herriko trafiko eta mugikortasun eredua eguneratzeko asmoz. Arau berrituak oinezkoen segurtasuna eta kaleko elkarbizitza hobetzea du helburu, eta hainbat berrikuntza jasotzen ditu: oinezkoek lehentasuna duten guneetan matrikula irakurgailuen bidezko kontrol sistema ezartzea, patinete elektrikoen erabilera arautzea eta 3. kategoriako ibilgailuen aparkaleku mugak zehaztea, besteak beste. Udalaren arabera, ordenantza gaur egungo egoerara egokitzeko beharra agerikoa zen, bai trafiko dinamika berrien ondorioz, bai lehendik zeuden sistemek sortzen zituzten arazoengatik.

Aldaketa nagusietako bat oinezkoek lehentasuna duten kaleetara sartzeko kontrol sistemari dagokio. Orain arte, pibote hidraulikoak erabili dira ibilgailuen sarbidea mugatzeko, baina sistemak konponketa, mantentze eta kudeaketa arazo handiak eragiten zituela azaldu du Udalak. Horregatik, azterketa tekniko baten ondoren, matrikula irakurgailuen sistema ezartzea erabaki da.

Aurrerantzean, gune horietara sartzen edo handik irteten diren ibilgailu guztien matrikulak automatikoki erregistratuko dira, eta baimenak modu eraginkorrago eta seguruagoan kudeatuko dira. Lehenengo irakurgailuak Artekalen, Arruriaga eta Barrenkalen jarriko dituzte, eta aldaketak zuzenean eragingo die Artekale, Arruriaga eta San Pedro kaleetako bizilagun eta komertzioei. Hala ere, sistema martxan jarri aurretik, Udala harremanetan jarriko da gaur egun baimena duten herritar guztiekin, aldaketaren berri emateko eta funtzionamendu berria nola izango den azaltzeko.

Matrikula irakurgailuek jasotako datuen erabilera zorrotz arautuko da, eta Udalak zehaztu du tratamendua interes publikoan oinarritzen dela, betiere RGPD eta Datuen Babeserako 3/2018 Lege Organikoa betez. Hala, tratamenduaren erregistroa irekiko da, sarreretan informazio panelak jarriko dira, eta datuak epe mugatuan gordeko dira —30 egun inguruan—.

Ordenantza berriak Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuei (patinete elektrikoak barne) ere heltzen die. Beste udalerrien araudiak aztertuta, Bergarako Udalak aipatutako ibilgailuen erabilerarako irizpide argiak ezarri ditu: aurrerantzean, bidegorritik edo galtzadatik soilik zirkulatu ahal izango dute, eta ez dira salbuetsita egongo Trafiko Araudi Orokorraren betebeharretatik. Neurri honen bidez, herriko mugikortasuna ordenatu eta segurtasuna indartu nahi da, oinezkoen eta erabiltzaileen arteko elkarbizitza bermatuz.

Bestalde, ordenantzak mugatu egiten du 3. kategoriako ibilgailuak —karabanak, atoiak eta erdi atoiak— bizitegi eremu urbanoan aparkatzea. Udalak azaldu du ibilgailu horiek espazio handia okupatzen dutela eta oinezko zein ibilgailuen zirkulazioan eragin nabarmena dutela. Hori dela eta, hemendik aurrera, debekua ez duten guneetan bakarrik aparkatu ahal izango dira.

Udalak jakinarazi du datozen asteetan informazio gehiago zabalduko dela herritar guztiei aldaketak modu argi eta ordenatuan helarazteko.