webmaster-k Ar, 2026-02-24 10:05-n bidalia
Bergarako Haurren Kontseiluak bere ibilbideari ekin dio otsailaren 11n egindako lehen bilerarekin. Udalak eta herriko hainbat eragilek elkarlanean sustatutako egitasmo honek haurren ahotsa erdigunean jarri nahi du, euren iritziak eta kezkak modu antolatuan jasotzeko eta herriaren egunerokoan islatzeko helburuarekin.
Kontseilua Bergarako Herri Hezitzailea, herriko ludotekak, Jardun elkartea eta Bergarako Udalaren arteko lan bateratuaren emaitza da, eta Oinherriren G(H)AURKI metodologia izan da proiektua diseinatzeko oinarri. Tresna horrek haurren parte hartzea modu eraginkorrean egituratzeko aukera ematen du, haiek subjektu aktibo gisa tratatuz.
Hasiera honetan, Aranzadi, Mariaren Lagundia eta San Martin ikastetxeetako LH4 eta LH5 mailako ikasleak izango dira kontseilukideak. Parte hartzeko aukera ikasle guztiei zabaldu zitzaien, eta izena eman zutenen artean zozketa bidez hautatu dira. Lehen saioa elkar ezagutzeko eta haurrek zein gairi erreparatzen dioten ezagutzeko baliatu zuten; hortik abiatuta, hurrengo hilabeteetan landuko dituzten gaiak zehaztuko dira. Bileren maiztasuna hilekoa izango da.
Egitasmoaren sustatzaileek argi dute zergatik den garrantzitsua haurren parte hartzea modu antolatuan lantzea: “Haurrak entzutea ez da soilik hezkuntza-prozesuaren ondorio: eskubide bat da, eta, aldi berean, haurrak iritzia izaten eta hori modu naturalean partekatzen ohitzeko tresna. Gainera, parte hartzeak haurren erantzunkidetasuna, gizartearekiko lotura eta ikuspegi propioa garatzeko gaitasuna ere lantzen ditu. Bestalde, haurren ikuspegiak sarri guraso edo helduok kontuan hartzen ez ditugun errealitateak azaleratzen ditu”.

