webmaster-k Al, 2026-02-23 10:23-n bidalia
Bergarako Udalak San Martin Agirre plazako berrurbanizazio lanen kontratua adjudikatu dio Construcciones Zubieder SL enpresari, lehiaketa publikoan aurkeztutako eskaintzarik onena aurkeztu ondoren. Obrek 1.950.569,54 euroko (BEZ barne) aurrekontua izango dute, eta bost hilabeteko epean gauzatuko dira, hasiera akta sinatzen denetik zenbatzen hasita. Gaurkoz, apirilean hasteko aurreikuspenarekin ari dira lanean enpresako zein udaleko teknikariak.
Lanen helburu nagusiak dira plaza eraberritzea, irisgarritasuna hobetzea, espazio publikoa berrantolatzea eta jarduera sozialetarako gune atseginagoa eta seguruagoa eskaintzea.
San Martin Agirre plazaren berrurbanizazioak honako jarduketak barne hartzen ditu:
• Zoladurak eta estaldurak berritzea.
• Lur mugimenduak eta saneamendu sarea egokitzea.
• Argiteria publikoaren berrantolaketa eta energia sareen eguneratzea.
• Telekomunikazioen, gasaren eta ur horniduraren sare berriak ezartzea.
• Lorategi eta altzarigintza elementu berriak instalatzea.
• Obraren fasekatzea oinezkoen joan etorriak eta merkatarien sarbidea ahalik eta gehien bermatzeko.
Lan eremua Bergarako Hirigune Historikoaren Gune Arkeologikoaren barruan kokatzen da; beraz, obrarekin lotutako lur mugimenduen kontrol arkeologikoa egingo da, indarrean dagoen araudia betez eta Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean.
Markel Azkargorta zinegotziaren iritziz, “Alde zaharra biziberritzeko estrategiaren barruan kokatzen dira San Martin Agirre plaza berrurbanizatzeko lanak. Bergarako erdigune historikoko espazio nagusietako bat egokituko dugu, bergararron eguneroko erabilerarako atseginagoa eta irisgarriagoa izan dadin. Era berean, lanak fasekatuta egingo dira, ahalik eta eragin txikiena sortzeko, eta ondare arkeologikoa bermatzeko mekanismo guztiak aktibatuko dira”.
Kontratua sinatu ondoren, adjudikazio hartzaileak obra hasteko dokumentazioa, segurtasun eta osasun plana eta lanen antolaketa aurkeztuko ditu. Udalak datozen asteetan jakinaraziko du hasiera data zehatza eta herritarrentzako informazio osagarria.

