Bergarako Udalak Agorrosingo kiroldegiko estalkia berritzeko lanak adjudikatu ditu, duela hilabete batzuk izandako ekaitz batek eragindako kalteak konpontzeko helburuarekin. Horrenbestez, igerilekuaren zati bat itxi beharko da lanak burutu ahal izateko. Hauek urriaren 20an hasiko dira, eta lanak otsailera arte luzatzea aurreikusten da.

Agorrosingo abonatu eta erabiltzaileentzako informazioa garrantzitsua igeritokia itxita dagoen bitartean:

1.    Bergarako abonatuek Arrasate, Oñati eta Soraluzeko igeritokiak erabili ahal izango dituzte ordutegi murrizketa barik, Mugiment kirol txartela erabilita.

Aretxabaleta eta Eskoriatzako Udalekin harremanetan dago Udala, bertako igeritokiak ere erabili ahal izateko.

2.    Igeritoki handia soilik itxiko da, igeritoki txikia eta bainuetxea zabalik mantenduz.

3.    Bergarako abonatuei hileko abonutik baja hartzeko epea luzatuko zaie, urriaren 10eraino.

4.    Abonuetan egokitzapenak:

· Helduak

a) Abonu osoa dutenei 26,35 €/hileko kobratuko zaie.

b) Abonu arrunta dutenei bainuetxera sartzeko aukera emango zaie.

c) Bainuetxeko abonua zegoen moduan mantenduko da

· Haurrak

a)    Guraso bat abonatua dutenek 0€ hileko ordainduko dute.

b)    Gurasoak ez abonatu dituztenek, 6,59 €/hileko ordainduko dute

· Gazteak

a)    2 guraso abonatu dituztenek 0€ hileko ordainduko dute..

b)    Guraso bat abonatu dituztenek 6,59€/hileko ordaiduko dute.

c)    Guraso ez abonatu dituztenek 10,55€/hileko ordainduko dute.

Udal igerilekuaren estalkia konpontzeko proiektua Sestra Ingeniaritza eta Arkitektura SL enpresak idatzi zuen, eta lanen exekuzioa Construcciones Castellano SA enpresari esleitu zaio, 677.767,95 euroko zenbatekoan (BEZ barne).

Obrak kiroldegiko jarduerarekin bateragarriak izateko moduan antolatuko dira, eta inguruko erabiltzaileei eragiten dieten eragozpenak minimizatzeko neurriak hartuko dira.

Gorka Artola alkateak adierazi duenez, “ekaitz batek Agorrosingo teilatuan kalte handiak eragin zituen. Obra hau kaltetutako estalkia ordeztu eta aurretik atzemandako beste akats batzuk bideratzeko aukera emango digute.  Erabiltzaileei ahalik eta eragin txikiena sortzeko helburuz planifikatu dira lanak, eta hainbat herritako udalekin adostu ditugu igerilekuko zerbitzuak. Inguruko herriei elkarlanerako izan duten jarrera eskertu nahi diegu”.