Bergarako Udalak maiatzaren 31n ospatuko den “Tabakorik Gabeko Nazioarteko Eguna”ren harira sentsibilizazio kanpaina eta "KRIXKITIN ETA ERRALDOIEK AIRE GARBIA ARNASTU ZUTENEKOA" liburua aurkeztu ditu. Bi ekimen hauen helburua da tabakoaren kontsumoaren inguruko kontzientziazioa areagotzea eta prebentzio mezua zabaltzea, batez ere haur eta familien artean.

Zihortza Marzan zinegotziak prentsaurrekoan aipatu duenez, “tabakoaren kontsumoak oraindik ere eragin handia du gure gizartean, eta prebentzioan lan egitea funtsezkoa da. Udaletik konpromisoa hartua dugu ohitura osasungarriak sustatzeko. Honen harira, esaterako, Usondo parkea eta Lanbegaraietako aisialdi gunea “kerik gabeko gune” ditugu izendatuta".

Horrez gain, Arantzazu Loidi Prebentzioko teknikariak Udaletik ohitura osasungarriak sustatzeko konpromisoari jarraituz, aurten antolatu dituzten bi ekintzen berri eman ditu:

Liburuaren aurkezpena: Krixkitin eta Erraldoiak Aire Garbia Arnastu Zutenean

Liburu hau Bergarako Pazkoetan aurkeztutako Krixkitin eta Poxpolin erraldoietan oinarritzen da, non Krixkitin erraldoiak tabakoa erretzen zuen. Gai horren bueltan, Udala ohartu zen ume eta familien artean tabakoaren normalizazioaren inguruko kontzientziazioa lantzeko aukera zegoela, eta horregatik erabaki zuen ipuin hezigarri hau sortzea. Ipuinak tabakoaren arriskuak, erretzeari uzteko aukerak eta kerik gabeko guneak ezagutzeko aukera eskaintzen du.

Liburua bihartik aurrera Bergarako eskoletan banatuko da, haur hezkuntzako mailetan irakurtzeko aukera izan dezaten. Ipuinaren egileek azalduko dute nola sortu duten istorioa eta zergatik aukeratu dituzten gai horiek.

Sentsibilizazio Kanpaina: Tabakorik Gabeko Nazioarteko Eguna

Maiatzaren 29an hainbat jarduera antolatuko dira Bergaran:

• Oxirondo plazan mahai informatiboak jarriko dira, non herritarrek informazioa jasoko duten tabakoaren ondorioei buruz eta nola erretzeari utzi.

• "Bergara Oinez" taldeak herriko kerik gabeko guneetatik ibilbidea egingo du, aire garbia eta osasuna sustatuz.

• Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek Gynkana bat egingo dute, jolas bidez tabakoaren kalteak ezagutzeko.