Bergarako Udala-k Ar, 2025-03-18 12:17-n bidalia
Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak ematen duten Monzon-Ganuza Euskal utopikoei aurtengo saria Amaia Zubiriak jasoko du martxoaren 27an, 18:30ean, Bergarako Seminarixoa aretoan egingo den ekitaldian.
Euskal Herriari, bere kulturari, hizkuntzari, historiari eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini dioten bergarar zein Bergaraz gaindiko herritarrak omentzea du helburu Monzon-Ganuza sariak. 2021. urtean Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak egin zuten hitzarmenaren emaitzetako bat da Monzon-Ganuza Euskal utopikoei saria, Olaso Dorrera bisita gidatuak egiteko aukerarekin batera. 2021.urteko martxoaren 9an bete ziren 40 urte Telesforo Monzon hil zela, eta urteurren horren testuinguruan sortu zen ekimena.
Saria sinbolikoa da, artelan bat izan ohi da, eta generazio arteko lotura egitea ere badu helburu, artista gazteen lana sustatzearekin batera. Beraz, alde horiek barnebiltzen ditu sari honek. Lanak aurkezteko deialdi irekia egin zen, eta 2024. urte amaierarako jaso zituzten antolatzaileek lanak. Epai-mahaikideen esanetan, kalitate handikoak denak.
Bergarako Udalak eta Olaso Dorrea Fundazioak artelana hautatzeko hiru aditu artistiko izendatu zituzten: Xabier Agirre (EHUko irakasle jubilatua eta Bergarako Beart arte elkarteko lehendakaria), Jesus Mari Lazkano (margolaria) eta Mikel Lertxundi (arte historialaria eta komisarioa). Eta hautatu dute Nagore Amenabarro (Amezketa, 1986) artista eta irakaslea l’Ècole Superieure d’Art Pays Basquen.
Nagore Amenabarrok (Amezketa, 1986) pintura erabiltzen du bere ikerketa plastikoaren abiapuntu gisa, eskultura eta diseinuarekin zerikusia duten lengoaia eta baliabideekin gurutzatuz. Arte Ederretako ikasketak burutu ondoren (UPV/EHU Bilbo, 2009), Moda Diseinuko graduondokoa (UPV/EHU Bilbo, 2010) eta Pintura masterra (UPV/EHU Bilbo, 2017) ikasi zituen hurrenez urren. Egun, klaseak ematen ditu l’Ècole Superieure d’Art Pays Basque (Baiona, 2013az geroztik), irakasle eta artista lanak uztartuz.
Nagore Amenabarro oso sentsibilitate bereziko artista da. 2013az geroztik, bere ibilbide artistikoa etengabea da,teknika ezberdinetarako abileziatik abiatuta, hasierako marrazki lausotu eta lirismoz jositako pinturak, hirudimentsioko pieza harrigarriekin topo egiten dute. Batzuetan, urregintzarako bokazioa ere igartzen diogu, hain delikatuak diren pieza horiek asmatzen dituenean,zintzilikarioetatik hasi eta belarritakoetara, eskumuturrekoak, eraztunak eta hibridajeagatik zehaztugabe geratzen diren beste batzuk. Bere prozesuetan ustekabeko topaldi asko daude, amaiera zoriontsua duten antagonikoen arteko dantzak.
Hainbat teknologia menderatzen dituenez, proiektu eklektikoetan sartzen da beldurrik gabe, eta, proposamen piktorikoek aurrez aurre dauden hiru dimentsioko piezekinelkarbidean jartzen ditu. Bere instalazioetako elkarrizketak multisentsorialak dira, eta espazio berean pintura eta objektu harrigarriak bizikidetzan agertzen dira oso modu naturalean.
Bostgarren edizioa da aurtengo saria. 2021. urtean Libe Goñik Zaloa Ipiñaren artelana jaso zuen. 2022. urtean, berriz, Jose luis Elkorok eta Mari Karmen Aiastuik Laida Lertxundik egindako lana jaso zuten. 2023. urtean Xabier Amurizak Iker Serranorena eta 2024. urtean Jose Mari Esparza Zabalegi Gala Knörrena.