Bergarar estimatuak,

Urtero bezala, udaberriak aurrera egin ahala Pentekosteak heltzen zaizkigu Bergarara. Egun batzuez, ardurak eta ezinegonak albo batera utzi eta gure herriko jaiez gozatzeko ahalegina egiten dugu guztiok, izan ere, komunitate bezala batzen gaituzten loturak elkartzeko, ospatzeko eta sendotzeko uneak izaten dira. Ez dakizue zein ederra den txupinazoan udaletxeko balkoitik zuen irrifarrak ikustea.

Pentekosteak gogo biziz eta alaitasunez gozatzera gonbidatu nahi zaituztet. Izan ere, zuok gabe guzti honek zentzua galtzen du, Pentekosteak herritik eta herriarentzat direlako, eta zuen partehartzea funtsezkoa da jai hauek benetan gogoangarri bihurtzeko.

Egun berezi hauetan ezin dut nabarmendu gabe utzi Jai Batzordeak eta jaien bueltan lanean aritzen zaretenon lan izugarria. Lan nekaezin horri esker, geroz eta jai inklusiboagoak, anitzagoak eta partehartzaileagoak ditugu gurean. Bergaran gure komunitatearekiko daukagun konpromisoa azalezina da, eta zuek guztiok horren adibide zarete. Udaletik gure esker on eta miresmen guztia daukazue.

Bestalde, ospakizun egun hauetan elkarrenganako errespetuak daukan garrantzia gogorarazi nahi dut. Gozamenaren erdian, gogora dezagun ingurukoekiko errespetua funtsezkoa dela. Bihurtu ditzagun jai guneak denontzako espazio seguru eta abegikorrak. Eta ez dezagun ahaztu: Soilik Bai da Baietz.

Bukatzeko, azken mezu bat: Goza ditzagun Pentekosteak eta sor ditzagun ahaztezinak izango diren momentuak. Barre eta dantza egin, gozatu familia eta lagunekin, sendotu gure arteko loturak eta, posible bada, ahaztu eguneroko arazo eta buruhausteak. Aurtengoa ere sekulakoa izango da, seguru nago.

Osasuna eta poza guztiontzat! Gora Bergara eta gora Pentekosteak!

 

Adeitasunez,

 

Gorka Artola