Asteburu honetan Bergaran ospatuko diren Petekoste jaiak direla eta, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak garraio publikoaren zerbitzua indartzea erabaki du, gaueko zerbitzua jarriz.

Azahara Dominguez diputatuak jakinarazi duenez, "Lurraldebus zerbitzuaren erabiltzaile kopurua handitzea aurreikusten denez, eta Gorka Artola alkatearen eskaerari erantzunez, Ostiraletik larunbaterako goizaldean gaueko zerbitzuak egongo dira. Horiek 00:00etan, 02:00etan, 04:00etan eta 06:00etan abiatuko dira Eibartik, eta beste noranzkoan, 23:15ean, 1:15ean (hau Eskoriatzatik irtengo da 01:00etan), 3:15ean eta 5:15ean (Eskoriatzatik irtengo da 05:00etan). Bestalde, gaueko zerbitzuak egongo dira ostiralean eta larunbatean, 0:30, 1:30, 2:30, 3:30 eta 5:30ean Antzuolatik aterako direnak, eta beste norabidean, 01:00etan, 03:00etan eta 05:00etan Elgetatik eta 00:00etan, 02:00etan eta 04:00etan Oñatitik.

“Aurrekoetan egin dugun bezala, errefortzu horiek zerbitzua hobetzeko aukera emateaz gain, Zumaiara jai hauetaz gozatzera joaten diren pertsonek garraio publikoko zerbitzu eroso, seguru eta irisgarria izatea ahalbidetzen digutela uste dugu. Era berean, pertsona gehiagok ibilgailu pribatua etxean utz dezaten laguntzen dugu, aisialdi momentuetan segurtasuna hobetuz”, adierazi du Azahara Domínguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak.

Bestalde, Gorka Artola Bergarako Alkateak azaldu duenez, “azken urteetan errepikatutako eskaera izan da hau. Jakin badakigu Pentekoste jaietan inguruko jende ugari heltzen dela Bergarara, eta garrantzitsua iruditzen zaigu jende horri baliabide publikoak eskaintzea beraien eta gainontzekoen segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzeko. Bestalde, zerbitzu gehigarri hau Bergarako jaiak eskualdeko jai erreferenteak izaten jarraitzeko lagungarria izango da, eta, zentzu horretan, inguruko jendeari Bergarara etortzeko gonbitea luzatzen diogu, betiere gainontzekoak errespetatuz, eta horrek ere lotura zuzena dauka alkohola edanez gero autoa ez hartzerako orduan. Bukatzeko, Bergarako Udaletik zerbitzu publikoen alde lanean jarraituko dugu gainontzeko erakundeekin, eta elkarlan hau horren adibide da”.

Eranskinak: