Bergarako Udala-k Og, 2024-03-14 10:33-n bidalia
Bergarako Udalak Kultura departamendurako Kultura eta jaietako laguntzaile langileen lan-poltsa osatzeko deialdia ireki du, eta eskabideak martxoaren 25era arte aurkeztu ahalko dira modu telematikoan.
Urteko lan-jarduna partziala da, Udalak langileen lan-hitzarmenean onartuta duenaren % 73koa, eta lan-jardun hau premien arabera gehitu ahal izango du Udalak. Lana astelehenetik igandera eta jaiegunetan egingo du. Lan-jarduna aldagarria da, urtean konputatzekoa; horregatik, lan-egutegia eta lan-ordutegia Seminarixoa aretoko programazioari eta kultura eta jaietako programazioari lotuko zaizkio; gehienetan asteburuetan eta gau eta jaiegunei dagokien ordutegian eta egutegian egin beharko du lan.
Lanpostuaren ezaugarriak hauek dira:
· Titulazioa: Eskola Graduatua, LH-I edo erdi mailako espezialista edo pareko mailakoa den tituluaren jabe izatea.
· Hizkuntza-eskakizuna: HAEE/IVAPeko 2. hizkuntza-eskakizuna, derrigorrezkoa.
· Gidabaimena: Indarrean dagoen B gidabaimena.
Lanpostuaren eginkizunak honako hauek dira:
· Seminarixoa Kultura Aretoan: Ikuskizunen muntaketako arduradunei lagundu eta takila, atezaintza eta mantentze lanak egin.
· Jai-ekintzetan: Muntatzea, zaintzea eta hainbat lan. Kontratatutako taldeei eta bestelakoei ere harrera egin eta ekitaldien jarraipen eta balorazioa egin eskatzen zaion guztietan
· Kultura-ekintzetan: Lagundu hura zabaltzen, kartelak jartzen eta kentzen, udalak antolatutako ekintzak iragartzen duen materiala etxez etxe banatzea etab. Udalak antolatutako ekitaldiak direla-eta, kultur talde eta bestelakoei harrera egin eta ekitaldien jarraipen eta balorazioa egin eskatzen zaion guztietan.
· Kultur eta kirol eraikinak ireki, itxi, prestatu eta zaindu.
· Musika-tresneria muntatu, desmuntatu, jarri eta kontrolatu, eta edozein kultur ikuskizun eta emanaldi aurrera eramateko beharrezkoa denean materiala garraiatu. Erabiltzen dituzten makineria eta tresnak zaindu.
· Aroztegi aretoan: Antolatzen diren erakusketen muntatze eta desmuntatze lanak egin eskatzen zaionean edo/eta zaintza-lanak ere, eskatuko balitzaio.
· Udal atezainarekin, Obra eta Zerbitzuetako langileekin edota beste udal zerbitzu batzuetako langileekin elkarlanean aritu, hala behar denean eta eskatzen zaienean.
· Kultura- eta jai-ekintzetan erabiltzaile eta ikusleen segurtasuna zaindu.
· Udal eraikuntzetako atezaintza-lanak egitea, beharrezkoa denean.
· Udalak antolatutako edo udalak lagundutako jai edo kultura ekintzetan argindarraren premia dagoenean, konexioa egin eta kendu esandako orduetan.
· Larrialdietako planaren arabera adjudikatutako lanak egitea.
· Eta, oro har, bere kategorian haren arduradun hierarkikoak eskatzen dizkion egiteko guztiak.
Oinarriak eta deialdiaren informazioa Bergarako udaleko web orrian argitaratu dira (https://www.bergara.eus/eu/node/19289) Bertan jasotzen dira, besteak beste, lanpostuaren funtzioak eta deialdian parte-hartzeko baldintzak.