Bergarako Udala-k Or, 2024-02-16 13:07-n bidalia
· Mariaren Lagundiko 6. Mailako ikasle talde batek irabazi du lehiaketa, Elizabeth Blackburn zientzialariaren inguruan eginiko ikusentzunezko lan batekin.
· Laboratorium Museoak eta Bergarako Udalak Emakume Zientzialarien lana nabarmendu nahi izan dute ekimen honen bitartez.
BIDEOA IKUSI: https://youtu.be/I9BJTeoyJ8I?si=J30o92JYFpnisB13
Emakume Zientzialariak ezagutarazi asmoz, Bergarako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleeentzako lehiaketa bat antolatu du Laboratorium Museoak, eta ostiral honetan iragarri dute irabazlea, museoan bertan ospatutako ekitaldi batean. Irabazleak Mariaren Lagundiko 6. mailako Ane Arregi, Ian Merino, Maren Azkarate eta Alazne Murgiondo izan dira, Elizabeth Blackburn zientzialariaren inguruan eginiko ikusentzunezko lanagatik.
Emakume Zientzialarien Nazioarteko Egunaren (otsailak 11) testuinguruan egin da lehiaketa. Elizabeth Helen Blackburn (Tasmania, 1948ko azaroaren 26a) Australiako biokimika bat da, telomerasaren aurkitzailea. 2009an Fisiologia edo Medikuntzako Nobel Saria jaso zuen.
Bergarako Alkate orde eta Berdintasun zinegotzi Ainhoa Lete Zabaletak parte-hartzaile guztiak zoriondu eta eskertu ditu egin duten lanagatik, emakume zientzialariak argitara ekarri dituztelako. Egin duten lanarekin, gainera, emakumeen eta zientziaren inguruan aritzeaz gain, talde-lana, komunikazioa, arte espresioa... ere landu dituzte ekimenean parte hartu duten ikasle eta irakasleek.
Udaleko arduradunen iritziz, erabakia hartzea zaila izan da, aurkeztutako lanen kalitateagatik. Zentzu horretan, lanen formatu erakargarria, egin den lan artistikoa, eta azken finean, daukaten komunikazio modua nabarmendu dute. Gainera, parte hartzaileak izateaz gain, edukiak kontatzeko moduak atzeko lanketa bat ere egon dela argi erakusten du. Epai mahaian Bergarako Udaleko Laboratorium museoko, Berdintasun saileko, Garapen zerbitzuko eta Miguel Altuna Lanbide Heziketako ordezkari bana egon dira.