Bergarako Udala-k Ar, 2024-02-13 12:05-n bidalia
· Sari emate ekitaldia martxoaren 7an ospatuko da Bergarako Seminarixoa aretoan, 18:30etik aurrera.
· Tafallarrak “euskal kulturgintzari bizi osoko ekarpena egin izana” goraipatu dute antolatzaileek.
Bere laugarren edizioan, Jose Mari Esparza (Tafalla. 1.951) idazle eta editoreak jasoko du Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak batera lantzen dituzten ‘Monzon-Ganuza. Euskal Utopikoei Saria’. Horrela jakinarazi dute astearte honetan Bergarako alkate Gorka Artola Alberdik eta Olaso Dorrea Fundazioko presidente Iratxe Esnaola Arribillagak Olaso Dorrean, Telesforo Monzonen jaiotetxean, eskainitako prentsaurreko batean.
Martxoaren 7an Bergarako Seminarixoan ospatuko den ekitaldi publiko batean jasoko du Esparzak merezitako saria. Bergarako alkatearen hitzetan, “belaunaldi berriok ez dugu ahaztu behar Jose Mari eta besteei esker jaso dugun oinordetza. Bizitza guztian Euskal Herriaren alde lan egindakoa da Joxe Mari esparru ezberdinetan. Haren lanek euskal gizartea, hizkuntza, eta kultura ikuspegi berri batetik argitzen dute, eta gure ardura da lekuko hori jasotzea”.
2021ean, Telesforo Monzon hil zeneko 40. urteurrenaren testuinguruan, sortu ziren Monzon-Ganuza sariak. Euskal Herriari, bere kultura, hizkuntza, historia eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini dioten bergarar zein Bergaraz gaindiko herritarrak omentzea du helburu Monzon-Ganuza sariak. Lehenengo Monzon-Ganuza saria Libe Goñi Garate Seaskako lehen irakasleari eman zitzaion, eta bigarrena Jose Luis Elkorori eta Mari Karmen Aiastuiri. Iazkoa, berriz, Xabier Amuriza bertsolariak jaso zuen.
Kasu honetan ere, Esparzak bat egiten du Monzon-Ganuza sarituak aukeratzeko erabili ohi diren printzipioekin, eta euskal kulturgintzari bizi osoko ekarpena egin izana goraipatu dute Esnaolak eta Artolak.
Iruñeko salestarren eskolan egin zituen ikasketak eta 17 urterekin hasi zen lanean, orduan Luzuriaga eta orain Fagor Ederlan deitzen zuten fabrikan. 20 urtez izan zen metalgintzako langile eta sindikalista bezala, langileen eskubideen defentzadaile. Fabrikan erabili zuen lehen aldiz inprenta bat eta bertan ikasi zuen panfletoak egiten, Fusión obrera aldizkari klandestinoan. Gero editore bezala egingo zuen lana orduan hasi zela esan du sarritan eta bere argitaletxea sortu zuenean ere panfletoak egiten jarraitu zuela, hitzekin eta ideiekin gizartea transformatu daitekeela sinetsita, eta bokazio politiko berberarekin. Luzaroan, Jose Mari Esparza fabrikan lan egiten zuen editore militantea izan zen.
1987an, eta Juanjo Marko lankidearekin batera, fabrikako lana uztea erabaki zuen eta Tafallan bertan, Altafayllan erakutsitako ispiritu militante berberarekin, argitaletxe euskaldun, aurrerakoi, profesional eta abertzale bat zabaltzea. Arbasoek komunikatzeko erabiltzen zuten perkusio-tresnaren izena jarri zioten, Txalaparta. Denborarekin, Tafallako euskal argitaletxea, Euskal Herriko argitaletxe historiko bilakatuko zen.
2018an, eta editore bezala Txalapartan egindako lana oinarri hartuz, Apología. Memorias de un editor rojo-separatista, Txalaparta, 2018 liburu biografikoa idatzi zuen eta Iparragirreren kantu ezaguna Euskal Herriko ereserki bihurtzeko mugimenduari bultzada eman zioten bi liburu publikatu ditu berriki, Biografía del Gernikako Arbola. Himno de Euskal Herria, (Txalaparta, 2020) eta Gernikako Arbolaren biografia (Altaffaylla 2020).
Azken hilabeteotan, amaitzear zituenak bukatzen ari dela iragarri du Esparzak eta amaitzen dituenean, guztira, 30 bat liburu izango dituela argitaratuta. Liburuez gain, ehunka artikulu idatzi ditu prentsan eta mugimendu politiko askotan parte hartu du, modu esanguratsuan, besteak beste, Elizaren inmatrikulazioen kontrako kanpainan.
“Urrunetik gatoz eta urrunera goaz, eta bide horretan Jose Mari Esparza moduko erreferenteak behar ditugu iparra ondo zehazteko. Batzuetan Gipuzkoatik hain urrun ikusten dugun Nafarroa hegoaldeak erakusten digu Euskal Herriak baduela etorkizuna, baina ez dela erraza izango”, adierazi du bere hitzartzean Artolak.
Azken urteetan bezala, Esparzari eskainiko zaion saria euskal artista batek landuko du, eta, nor izango den erabakitzeko, aditu talde batek proposamen ezberdinak aztertuko ditu. Aipatutako taldea hurrengoek osatuko dute:
- Xabier Agirre (Margolari eta Bergarako Beart arte elkarteko lehendakaria)
- Jesus Mari Lazkano (margolaria)
- Mikel Lertxundi (arte historialaria eta komisarioa)
Sari emate ekitaldia martxoaren 7an ospatuko da Bergarako Seminarixoa aretoan, 18:30etik aurrera.