Irailaren itzulerarekin batera, aurten ere San Martinak ospatuko dira Bergaran. Larunbat honetan feria izango da protagonista, eta datorren asteburuan kultur ekitaldiz beteko da herria. Programazioa aurkeztu asmoz, Udaleko zein Bergarako eragile ezberdinetako ordezkariek prentsaurrekoa eskaini dute ostegun goizean, eta bertan, besteak beste, nagusien Danborradan 700 bergararrek baino gehiagok parte hartuko dutela iragarri dute. Zentzu horretan, Gorka Artola Bergarako alkateak eskerrak eman dizkie San Martinetan modu batean ala bestean laguntzen diharduten bergarar eta eragile guztiei.

Larunbat honetan, irailaren 9an, San Martin feriaren txanda izango da; bertako eta sasoiko produktuak ezagutu eta erosteko aukera paregabea. Bi gune ezberdinetan banatuko da feria: San Martin plazan eta Seminarioan. San Martin plazan barazki eta fruta lehiaketara aurkeztutako postuak egongo dira, guztira bost. Horrez gain, Gazta lehiaketa ere burutuko da eta postuak bertan egongo dira, odolosteen postuez gain.

Beste gune garratzitsu bat Seminarioa izango da, bertan kokatuko baitira 27 salmenta mahai era guztietako produktuekin (jakiak, kosmetika, talo postua, …). Hortaz gain, Seminarioan bertan, bigarren urtez, erleen inguruko tailerrak izango dira haur zein helduentzat, Jardun Elkartea eta Erlantza Olabarriaren eskutik.

“San Martin feriak bergararrontzat daukan garrantzia” nabarmendu du Markel Azkargorta zinegotziak prentsaurrekoan, “aukera polita baita ekoizleen eta herritarron arteko harremanak lantzeko eta lehen sektorean aritzen diren pertsonei gure elikadura eta paisaia zaintzen egiten duten lanagatik aitortza bat egiteko”.

Horrez gain, larunbat arratsaldean Bikote Nagusien 38. Dantza Txapelketa ospatuko da. Aurten gainera, txapelketa kalera atera asmoz, Seminarixo barruan egin beharrean plazan egitea erabaki da.

San Martin Jaiak
Aurtengo San Martin jaiak irailaren 14tik 17ra ospatuko dira, ohikoak diren bi egunetako ospakizunak lau egunetara handituz. Urtero bezala, jaietako protagonista nagusia Danborrada eta danborjoleak izango dira, bai helduak eta baita umeak ere. Zentzu horretan, eta azken urteetako joerari eutsiz, Danborradaren parte hartzeak gora egingo duela iragarri du Maite Usabiaga zinegotziak, 700 bergararrek baino gehiagok parte hartuko baitute nagusien Danborradan. “Danborradaren momentu arrakastatsu bat bizitzen ari gara, eta hortaz gozatu behar dugu guztiok. Guk, Udaletik, hori horrela izaten jarraitzeko lan egiten jarraituko dugu”, adierazi du Usabiagak.

Iazkoari jarraituz ere, aurten ere ez da izango suzkarraberarik. Usabiagak azaldu duenez, “penaz, ohitura honi agur esan beharko diogu”, Agorrosinetik bota ohi zirelako eta segurtasun araudiak dagoeneko ez duelako hori baimentzen. Hori dela eta, iaz arrakasta handia izan zuen suzko zezena ekarriko da, eta herritarren eskaerei men eginez aurten bi pase eskainiko dira.

Gainera, edozein intentsitatetako eraso matxistak ekidin asmoz, San Martinetan ere arreta puntua jarriko da irailaren 15 eta 16an, 00:00etatik 6:00ak bitartean Irizar jauregian.

Bestalde, Lurraldebus-ek gaueko autobus zerbitzu berezia eskainiko du, www.bergara.eus webgunean kontsultatu ahalko dena.

Programaketako aspektu zehatzagoak:

• Xaxau konpartsak egitarauaren diseinuan parte hartu du eta ekintzak desberrdinak antoaltu ditu (txorotxaranga, kontzertuak, dj saioak, bazkari herrikoia…). Txosna munibe plazan kokatu egongo da eta programaketa txosnagunean ospatuko da.

• Larunbat goizean eta igande goizean sokamuturra egongo da goizeko 9:00etan (Barrenkaletik San Martin plazara). Balkoitik ikusteko aukera egongo da eta zozketa bat ospatuko da. Irailak 11 arte izen emateko aukera daukate herritarrek.

• Errekortadore eskolako ikuskizunak ere ospatuko dira: bi egunetan izango dira seminarioko patioan (zapatuan 16:00 eta igandean 17:00).

• Bergarako musikarien ordezkari izango ditugu Bergarako Musika banda eta txistulari taldea (larunbatean txistu diana eta bandak kontzertua).

• Erraldoien kalejira ere egongo da.

• 48. Simon Arrieta Pintura lehiaketa (3.saria gehitu da). Beste lehiaketa batzuetako irizpideak aztertu ondonre, Beart elkartearen eskaera bat izan zen oinarriak berrikustea eta aldaketa hori gehitzea.

Sariak: Honako sari hauek ezartzen dira:
o Lehenengo saria .............................................. 800 €
o Bigarren saria .................................................. 600 €
o Hirugarren saria............................................... 400 €
o Lehenengo bergararrari .................................. 250 €