Estatu espainiarretik eta Euskal Herritik iritsitako 20 bat gaztek ‘Auzolandegiak’ burutuko dituzte Bergarako Mizpirualde adinekoen egoitzan.

Abuztuaren 1etik 14ra bitartean, topaketa hauek belaunaldi ezberdinen arteko dinamikak indartzeko balioko dute. Astearte honetan proiektuaren partaideek aurkezpena egin dute egoitzan bertan, eta, bide batez, elkar ezagutzeko aukera izan dute.

Auzolandegiak 2009tik burutzen dira Bergaran, pandemiako bi urteetan ezik. Zentzu horretan, Maite Usabiaga Bergarako zinegotziak gazteen lanerako grina goraipatu nahi izan du: “Oso pozgarria da aurten ere gazte bolondresak berriz ere ikustea. Gai sozialekiko sentsibilitatea eta komunitatearekiko konpromisoa erakusten dute, eta hori oso eskertzekoa da, batez ere opor garaia beste batzuen zaintzara bideratzearren”.

Bi aste hauetan, Mizpirualde egoitzako egoiliarrek zein gazteek jarduera ezberdinak burutuko dituzte, eta, besteak beste, txango bat egingo dute hondartzara, ohiko baldintzetan garatu ezin izango litzatekeena. Jarduera horien bitartez adinekoei alternatiba ezberdinak eskainiko zaizkie.