Aste honen amaieran hasiko dituzte Ibargaraiko autobus geltokitik Urteagarantz joango den bidegorriaren lanak. Obra zatika egingo dute eta zenbait eragozpen sortuko ditu lanek irauten duten bitartean. 

Lehenik, ondoko eraikinen espaloiak berrituko dituzte. Tarte bakoitzeko lanak egin bitartean, moztu egingo da oinezkoen pasabidea. Bestalde, ibilgailuentzat bi norabideak mantenduko dira, baina bidea metro bat estutuko da norabide bakoitzean lanak egin ahal izateko. Behin-behineko seinaleak ezarriko dira. 

Jarraian erreka ondoko espaloia eraberritu eta bidegorri berria egingo dute. Horretarako Antzuolako noranzkoan errei bat itxiko da, eta semaforo bitartez txandakako igarobidea jarriko da. Oinezkoentzako bi pasabide berriak egiten ari diren bitartean ere beharrezkoa izango da errei bat ixtea eta semaforoarekin txandaka igarotzea

Azkenik, oinezkoentzako pasabide adimentsua eta norabide arteko banaketa egin behar denean, autobusek ezingo dute zuzenean herrigunerako norabidea hartu. Urteaga kaleko biribilguneraino joan beharko dute norabide aldaketa egitera.

Horrez gain, lanek iraun bitartean ez da komun zerbitzurik egongo. 

Aipatutako lanak Construcciones Artzamendi SA enpresak egingo ditu, 380.023,49 euroko (BEZ barne) kostua izango dute eta aurreikusten dute bizpahiru hilabete irautea.