Bergarako Udala-k Ar, 2023-04-25 12:06-n bidalia
Apirilaren 24an egin duen ohiko osoko bilkuran Kukubaso elkartearekin elkarlanerako hitzarmena onartu du Bergarako udalbatzak. Hitzarmenaren helburua da Bergarako basoen berreskurapenerako marko estrategiko integral berria ezartzea bertako basoen aldeko politikak garatu, sentsibilizazioa egin eta biodibertsitatea zaintzeko.
Hitzarmenaren dokumentuak jasotzen duenez, bi aldeak elkartzen dituena lurren zaintza, baso lur publikoen kudeaketa jasangarria, bertako espezieen aldeko politiken sustapena, eta finean ingurumenaren zaintza bultzatzeko nahia da.
Lau urterako hitzarmena da. EH Bilduk (9 boto) alde bozkatu du eta EAJ-PNV (6 boto) abstenitu egin da. PSE-EEko ordezkaria ez da bilkuran egon.
Udal Gobernuaren bozeramale Nagore Iñurrategik azaldu duenez, “Gobernu honek ingurumenarekiko konpromisoa adierazi du eta urrats desberdinak eman ditu legegintzaldian zehar. Bergara bizigarriago bat nahi dugu, eta Gobernuaren 'Bergara izan, bizi, ekin' planean, besteak beste, Bergarako biodibertsitatea babestu eta zaintzeko lan lerroa jaso genuen. Bide honetan, pausu kualitatibo bat izango da gaurko udalbatzan emango duguna hitzarmen honekin”.
Halaber, Kukubaso eratu zenetik, 2021. urtean, Bergarako eta inguruko lurretan dauden basoak kontserbatu eta berreskuratzen egindako egin duen lana aipagarria dela esan du. “Ibilbide honetan, hainbat ekintza antolatu ditu eta herritarrekin auzolanak nabarmentzekoak dira. Bide honetan, udala lankidetzarako egon da”.
Hitzarmena elkarlanaren ondorio dela esan du Iñurrategik. “Esan eta egin egiten dugulako. Gobernantza eredu konkretu batean sinisten dugu; herriaren interesaren alde, eragileekin elkarlanean, udal baliabideen kudeaketa interes publikoaren zerbitzura jarrita”.
EAJ-PNVren bozeramale Maite Agirrek haien taldearen abstentzioaren arrazoia azaldu du. Esan du, “gure abstentzioa ez doa Kukubaso taldeari, baizik eta Udal Gobernuaren kudeaketari. Hitzarmen honen bitartez, ez dakigu non geratzen diren udalaren eta udal gobernuaren inguruko politikak, ez dakigu non geratzen diren lehentasunak eta planak”. Udalak definitu eta ondoren elkarteekin elkarbanatu behar direla esan du.
Gorka Artola Alkateak azaldu du elkarlanerako marko bat ezartzen duela hitzarmenak eta ondo zehaztuta daudela bakoitzaren eskumenak. Esan, du, halaber, modu berri bat dela hau, “ko-gobernantza modu batean sinisten dugu, eta pausoak ematen joan behar dugu ildo horretan. Parte-hartzea modu jakin batean ulertu izan da, herritar eta eragileen momentuko parte-hartze saioekin, eta uste dut salto bat ematea tokatzen dela, lankidetza publiko-komunitariorako bidean esparru berriak eta modu berriak esploratu behar ditugu. Hitzarmenak markoa zehazten du eta kudeaketarako modu berri bat ezartzen du, eta oso positiboa dela uste dut”. Ehunduren bidez hasitako bideari ere erreferentzia egin dio Alkateak.
Kukubaso elkarteko ordezkariak bileran egon dira, eta hitza hartu dute. Aipatu dute Kukubasok urte hauetan udalarekin elkarlanean egin duen lana eredu hartzen dutela beste herri batzuetan, eta baita orain arte gaiari lotutako erabakiak aho batez hartu izana. Oraingoan hala ez izatea “penaz” hartu dutela.
Bileran beste gai batzuk ere landu ditu udalbatzak, eta aho batez onartu dira. Esaterako, Elorregiko biribilgunean autobus geltokia eta komuna egokitzeko, hiri altzari berezi honen mantenua eta kudeaketarako lankidetza hitzarmena eta Ogasun eta Finantza Departamentua eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalen artean, informazioa elkartrukatzeko esparru hitzarmenak onartzea.