Bergarako Udala-k Az, 2023-03-29 18:22-n bidalia
Apirilaren 1eko Erramu Zapaturako askotariko ekimenak antolatu dituzte Bergarako Udalak eta herriko hainbat eragilek.
Ohi bezala, bertso-saioa egingo da bezperan, Seminarixoan. Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Alaia Martin, Aitor Sarriegi eta Nerea Elustondo bertsolariek kantatuko dute, Txinbok jarritako gaiei jarraituta.
09:30ean zabalduko da Feria. Ibargarain jarriko dira abelburuen erakusketa eta elikagai postuak. San Martin plazan, berriz, artisau postuak eta Eusko Label oilasko pintxoen postua. Bergarakoak izan eta irabazi asmorik ez duten kultur edo kirol elkarteek, herri-taldeek eta ongintzako elkarteei postu hori ustiatzeko deialdia egiten zaie. Aurten Aurrera kultura elkarteari adjudikatu zaio. Seminarioko patioan, makinaria, burdindegiak, landare erakusketa, txerriki pintxoak nahiz talo postua. Azken hau Ekotalori esleitu zaio.
Feria zabalduta, egun osoan zehar egongo dira ekimenak. Berritasun moduan, aurten gauean kontzertua egingo da. 22:00etan hasiko da Xiberoots talde zuberotarraren emanaldia Munibe plazan.
Tailerrak, kalejira, Bergarako Musika Eskolako ikasleen emanaldiak, txaranga, joaldunak, kale-animazioa, dantzaldi-erromeria eta beste. Herri bazkaria egingo da, Xaxauk eta Txapa irratiak antolatuta, frontoian. Dagoeneko txartel guztiak agortu dira.
Artisautza, gozogintza, barazki, kontserbak… askotariko produktuekin osatutako postuak ere egongo dira.
Ibilgailuen joan-etorria
Feria egin ahal izateko, Ibargarai kalea 4 eta 14 atarien artean itxita egongo da 07:00etatik 15:00etara. Fraiskozuri plaza ingurua ere itxita egongo da bi norabideetan.
Bestetik, gune horietako aparkalekuak libratu egin beharko dira martxoaren 31 goizerako, eta zapatu goizean San Martin eskolako eta Ipintza Institutuko patioak aparkaleku moduan zabalduko dira.