2022. urteko irailean aurreratu bezala, Jabekuntza Eskolako ikasturterako eskaintza bi epealditan eskainiko da. Urritik urtarrila bitartekoa amaituta, feminismoaren inguruko ikastaro batekin abiatuko da bigarren epealdia otsailaren 24an eta maiatzean amaituko da.

Badira urte batzuk Bergarako Udalak Jabekuntza Eskola antolatzen duela, baina ikasturteko lehen jarduera multzoa aurkezteko prentsaurrekoan Alkateorde eta Berdintasun zinegotzi Ainhoa Lete Zabaletak esan zuenez, “aurten testuinguru berezi batean egingo dugula uste dugu, horrelako jarduerak indartzeko helburuarekin ari baikara lanean”. Bergara izan, bizi, ekin planean ere, politika feministei eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari lotutako hainbat helburu eta jarduera jasotzen dira, guztiak ere Bergara feminista egiteko helburuarekin.

Epealdi honetarako proposatzen den lehen jarduera 'Feminismoa guztiontzat' ikastaroa da. Otsailaren 24an, martxoaren 3an, 10ean, 24an eta 31n (ostiralak) egingo da, 17:30etik 19:30era, UNEDen. Idoia Eizmendi Aldasorok dinamizatuko du eta euskaraz izango da.

Feminismoa da munduan aldaketa gehien eragin duen gizarte mugimendua eta, emakumeen borrokari esker, jendarte osoan hobekuntza handiak lortu dira.

Azken urteotan, gorakada handiko unea bizitzen ari da eta adin guztietako emakumeak hurbildu dira mugimendura. Hala ere, askotan, eztabaidak oso eskuragarri ez diren kontzeptu eta ideia konplexu samarrez beteta daude eta, beraz, ez dira beti ondo ulertzen.

Horregatik, tailerraren helburua da feminismoaren oinarrizko kontzeptuak eta proposamenak modu erraz eta ulergarrian lantzea.

Beste lau jarduerek osatzen dute maiatzera arteko proposamena. Hauek:

  • Martxoaren 2an egingo den '(Ez)amatasunak ikuspegi feministatik jardunaldiak' liburuaren aurkezpena.  
  • Martxoaren 4an, apirilaren 1ean eta maiatzaren 13an 'Topalekuak emakume migratuentzat'.
  • Otsailaren 27a, martxoaren 6a, 13a, 20a, 27a eta apirilaren 3 (astelehenak) 'Emakumeak eta adinkeria. Ez ditzatela zure ametsak ezabatu' ikastaroa.
  • Martxoaren 24an eta 31n, apirilaren 21ean eta 28an, eta maiatzaren 5ean, 12an eta 19an (ostiralak) 'Argazkigintza eta emakumeak. Argazkilaritza dokumentala begirada feministetatik' ikastaroa.  

Izen-ematea udaletxera deituta edo berdintasuna@bergara.eus idatzita egin behar da, saio guztietarako. Doakoak dira guztiak.

Balorazio oso ona

Ikasturtearen lehen epealdian zazpi jarduera proposatu ziren. Askotariko formatukoak, parte-hartzaileengandik oso ondo baloratu direnak. Bereziki ondo baloratu dituzte saioetako dinamizatzaile eta hizlariak. Eskainitako jardueretatik bakarra gelditu da egin gabe.

Jabekuntza Eskolak udaletako berdintasun arloetatik sustatutako proiektuak dira eta hauen helburua emakumeen parte-hartze soziala eta politikoa sustatzea da, ahalduntze-prozesuen bidez gizarte justu, anitz eta osoagoa lortzeko.

Esperientziak eta jakintzak partekatzeko espazioa sortzea da kontua. Bergarako emakumeen arteko sareak sortu nahi dira, elkar ezagutu, lagundu, topatu eta gozatzeko. Gainera,  emakumeentzat gunea sortzeko prozesuan da Bergara, eta  horretan lagungarri izango dira egiten diren jarduera guztiak.

EGITARAUA
 

 

Arloa: