Bergarako Udala-k Al, 2022-09-26 16:39-n bidalia
Badira urte batzuk Bergarako Udalak Jabekuntza Eskola antolatzen duela, “baina aurten testuinguru berezi batean egingo dugula uste dugu, horrelako jarduerak indartzeko helburuarekin ari baikara lanean”, esan du Ainhoa Lete Zabaleta alkate orde eta Berdintasun zinegotziak. 2022-2023 ikasturteko Jabekuntza Eskola aurkeztu du Maria Salsamendi Luengo Berdintasun teknikariarekin batera.
Bergara izan, bizi, ekin planean, politika feministei eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari lotutako hainbat helburu eta jarduera jasotzen dira, guztiak ere Bergara feminista egiteko helburuarekin. “Esaterako, apustua egin dugu Berdintasun Teknikariaren lanpostua sortzen, lana indartu eta eraginkortzeko eta horretan urratsak egiten ari gara. Berdintasun plana berritu dugu, eta gure ustez estrategikoa den emakumeentzat espazioa sortzeko prozesua abiatu dugu”, Letek esan duenez.
Urriaren 7an abiatuko den Jabekuntza Eskolarekin ere lanketa berezia egin du Udalak aurten, bereziki zainduz emakume talde desberdinei zuzendutako eskaintza osatzea. Izen-ematea udaletxera deituta edo berdintasuna@bergara.eus idatzita egin behar da, ikastaroa hasi baino 5 egun lehenago arte izango da izena emateko aukera. Doakoak dira guztiak.
Jabekuntza eskolak udaletako berdintasun arloetatik sustatutako proiektuak dira eta hauen helburua emakumeen parte-hartze soziala eta politikoa sustatzea da, ahalduntze-prozesuen bidez gizarte justu, anitz eta osoagoa lortzeko.
Esperientziak eta jakintzak partekatzeko espazioa sortzea da kontua. Bergarako emakumeen arteko sareak sortu nahi ditugu, elkar ezagutu, lagundu, topatu eta gozatzeko. “Eta esan bezala, emakumeentzat gunea sortzeko prozesu honetan lagungarri izango zaizkigu orain egiten ditugun jarduera guztiak”.
Asmoa da hemendik aurrera Jabekuntza Eskolarako egitaraua urteko bi momentutan aurkeztea, Salsamendik azaldu duenez, “urritik urtarrila bitartekoak bilduko dira egitarau batean, eta bestean otsailetik maiatza bitartekoak”.
Orain, hau da, 2022ko urritik 2023ko urtarrila bitarteko jabekuntza eskolarako osatutako eskaintzan 7 aukera topatuko ditu herritarrak. Esan beharra dago jardueren artean ezberdintasunak daudela, batzuk ikastaroak direlako, eta besteak solasaldi edo hitzaldiak. 7 dira antolatu direnak:
1-Nola hitz egin jendaurrean
Ikastaro honetan hitz egiteko ziurtasun eta trebetasuna landuko da, eta generoak komunikazio prozesuan duen garrantziari erreparatuko zaio
2-Autodefentsa feminista tailerra
Balio justuagoetan oinarritutako harremanak landuko dira ikastaroan eta bizi ditugun eraso sexisten aurrean erantzun bat ematen ikasteko aukera izango da bertan.
3-Atzerritartasun legearen inguruko hitzaldi solasaldia.
Bereziki, zaintza lanetan ari direnei nola eragiten dien aztertuz. Udala lantzen ari den Zaintza Planarekin lotura zuzena du honek.
4-Emakumeak eta adinkeria
Adinkeria, sexismo eta arrazakeriarekin batera dagoen diskriminazio nagusitakoa da gaur egun, gai honi erreparatuko zaio eta emakumeei “des -ahalduntzen” gaituzten ideiak apurtzea bilatuko da saioan.
5-Gure genealogia feministak
Ikastaroan, mugimendu feministaren historia, Euskal Herrian egindako bidea eta Bergaran espreski, bertako mugimendu feministaren, esperientziak biltzeko baliatuko tartea izango da.
6-Hitzaldi solasaldia nik ere baditut ikasketak
Bergaran bizi diren emakume askok haien jatorrizko herrialdeetan ikasketak burutu zituzten, baina gurean ez daude horretan lanean; hori kontuan hartuta ikasketa horien homologazio edo onarpen prozesua nolakoa izan behar duen partekatuko da.
7-Umorea eta generoaren inguruko tailerra
Barre egingo da ikastaroan, norbere burutik hasita. Generoak eta umorearen arteko loturari erreparatuz.
Lehengo ikastaroa ‘Nola hitz egin jendaurrean’ izango da. Urriaren 7an hasi da eta azaroaren 11n bukatuko da, 5 saio izango dira, eta ostiraletan 17:00etatik 19:30era izango da. UNEDen.
Ikastaro honen helburu nagusia eraginkortasunez komunikatzen ikastea izango da. Eta bertan landuko diren helburu zehatzak hauek izango dira:
- Komunikaziorako trebetasun eta gaitasunak landu.
- Jendaurrean komunikatzeko ditugun zailtasunen inguruan hausnarketa egin eta horiek gainditzeko estrategiak landu.
- Generoak komunikazioan duen eraginari buruzko hausnarketa egin.
- Jendaurreko egoeratan gure buruarekin ziurtasuna lortu.
- Talde lana indartu eta sareak sustatu.
Egitaraua IKUSI.