Bergarako Udala-k Og, 2022-06-02 08:20-n bidalia
Bi urteko etenaren ondoren, ekainaren 3tik 7ra egingo dira aurten Bergarako Pentekoste jaiak, eta berriz ere kaleko bizitza, elkarrekin aisialdiaz gozatzeko aukera izango dugu. Gogo handiz aterako gara kalera, eta herritarrei dei egin nahi diegu jairako grinak ez dezan alde batean utzi besteekiko errespetua eta elkar zaintza.
Urte osoan zehar egiten dira erasoak, baita jai testuinguruan ere. Horregatik, prebentzio lanaz gain, eraso egoera horiek kudeatzeko bitartekoak eskaintzen dira. Jaiei lotuta, txosna-gunerako protokoloa (labur.eus/bergaraprotokoloatxosnak) landu dute Martxanterek eta Xaxauk eta txoko morea ere jarriko dute bertan, eta herritarrak bertaratzera gonbidatu dituzte, ordutegi honetan:
-
Ekainak 3, ostirala, 20:00-22:30
-
Ekainak 4, larunbata, 18:00-20:00
-
Ekainak 5, igandea, 17:00-19:00
Bergarako Udala ere egunerokoan ari da lanean Bergara herri inklusiboa, pertsonen arteko berdintasunean oinarritutakoa izan dadin, eta herri feministarantz bidea urratzen ari da, indarkeria matxista prebenitzeko lan eginez, eta sortzen diren kasuak artatuz.
Jaietara ere eraman nahi du gai hori, jai-espazioak inklusiboak eta indarkeriarik gabekoak izan daitezen. Martxanterak talde feministak eta Xaxau konpartsak egindako lanaren osagarri izango da Udalarena.
Indarkeria matxistaren gaia ez da soilik emakumeen kontu bat. Beraz, guztioi dagokigu eraso matxistarik gabeko jaiez gozatu ahal izateko jardutea. Konplizitatearen gaian jarri nahi du indarra aurten. Kartelak jarriko dira herrian zehar, “Jaietan ere ez dugu inongo erasorik onartuko!” lelopean, erasoen edo erasotzaileen konplize ez izatera dei eginez, eta zaintza kolektiborako gonbidapena eginez. Telefonoak ere jasotzen dira bertan.
Horrekin batera, tabernariei ere, hala behar izatekotan, eraso egoerak kudeatzen laguntzeko aholku sorta jasotzen duen kartela ere banatu zaie.
Jai egunak, eta guneak, espazio seguruak eta askeak izan daitezen ingurukoak errespetatzeko eta zaintzeko deia egiten diegu bergararrei zein jai egunetan kanpotik etorriko direnei.