Gai bakarra lantzeko ez-ohiko osoko bilkura egin du Bergarako udalbatzak maiatzaren 19an, 2022ko Lanpostuen Zerrenda (LZ), eta aho batez onartu du.

Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legeak agindutakoei jarraituz, ekainaren 1aren aurretik administrazioek dagokion lekuan argitaratuta izan behar dute Lan eskaintza Publikoa eta horrekin batera, premiazkoa balitz Lanpostuen Zerrenda. Hala, horretarako prozesua egin du Bergarako Udalak.

Lehen urratsa gaur egun aldi baterako kontratua duten lanpostuen azterketa egitea izan da, eta egonkortzerako legea betetze aldera hainbat lanpostu egonkortzeko premia ikusi da. Prozesuan ikusi da, halaber, zerrendan ez zeuden, baina estrukturalak diren lanpostuak ere badaudela, eta horiek ere egonkortu egin behar direla. Azterketa egin ondoren, hortaz, Lanpostuen Zerrenda eguneratu egin da.

Osoko bilkuraren gai-zerrendan sartu aurretik, 2022ko maiatzaren 16ko Antolakuntza Informazio Batzordeak espedientea aztertu zuen.

Atzo, maiatzak 19, osoko bilkurak aho batez onartu ondoren, eta ekainaren 1a baino lehen argitaratuko du Udalak, hortaz, onartutako Lanpostuen zerrenda hori Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta udaleko web orrian. Horrekin batera egingo da lanpostu horiek betetzeko Enplegu Publikoaren eskaintza. Proposamena dagoeneko langileen ordezkariekin negoziatu eta adostu da.

Bilkura ikusgai dago Udalaren Youtube kanalean, hemen.

Arloa: