Olaso Dorrea Fundazioaren lehendakari Iratxe Esnaolak, Bergarako Udaleko Kultura zinegotzi Kristina Markinak, Monzon-Ganuza saria hautatzeko adituen taldeko kide Jesus Mari Lazkano margolariak agerraldian aurkeztu dute aurtengo Monzon-Ganuza Euskal utopikoei sari sinbolokoa. Sari-ematea martxoaren 10ean, 18:30ean egingo da Bergarako Seminarixoa aretoan.

2022. urteko Monzon-Ganuza Euskal utopikoei saria Jose Luis Elkorok eta Mari Karmen Ayastuyk jasoko dute. Laida Lertxundi artista Iratxe Esnaolak esan duenez, “saria euskal artista berriak sustatzeko ere erabiltzen da. Urtero artista berri bati eskainiko zaio saria diseinatzeko aukera edo aurretik egina duen bat emateko aukera, horrela saria bera euskal artista berrien sustapenerako ekimen bihurtzen da, eta modu horretan belaunaldien arteko zubi lana eraiki nahi da”.

Laida Lertxundi artista eta irakaslea da. Bere praktika artistikoa New Yorken eta Los Angelesen garatu ondoren, Euskal Herrian bizi eta lan egiten du egun.

Zorroztasun kontzeptuala plazer sentsualarekin konbinatuz, Lertxundiren lanak arte kontzeptualaren eta zinema estrukturalaren ideiak eta gorputzetik lan egiteko ikuspegi feminista erradikala batzen dituzten lekuen miaketa erakargarri eta autoflexiboak dira.

Bergarako Udalak eta Olaso Dorrea Fundazioak artista proposamena egiteko hiru aditu artistiko izendatu zituzten: Karlos Galarraga (Bergarako Beart arte elkarteko kidea), Jesus Mari Lazkano (margolaria) eta Mikel Lertxundi (arte historialaria eta komisarioa). Haiek hautatu dute Laida Lertxundi, aurtengo sariaren egilea. Jesus Mari Lazkanok aurkeztu du Lertxundi taldearen izenean.

“Artea aspaldi urrundu da teknika eta genero tradizionalen muga estankoetatik. Eta forma ezagun horiek adierazpen-tresna baliagarriak izaten jarraitzen duten arren, gaur egun ikuspegi berriak gehitzen dira, lan artistikoari beste modu batera heltzen diotenak. Ideia eta jarrera desberdinak, hala nola mestizoa, diziplinartekoa, transmedia, collagea, zatikatua, testuingurutik ateratzea, prozesua, disruptiboa, sarean lan egitea eta, batez ere, mugimenduan dagoen irudia, ikus-entzunezkoa eta zinematografikoa, artearen errepertorioaren parte dira”.

Laida Lertxundik egoera berri horri erantzuten diola gehitu du Lazkanok, “etengabe mugitzen ari den obra eskaintzen digu, oso bisuala, ikusizko kodeak trukatuz, non prozesuak garrantzia hartzen duen, oreka bizian eta amaierarik gabe. Kontzeptuzko mugarik gabeko eraikuntza artistikoa, baina berezko zigiluarekin, ikuspegi ireki eta nahasi bat birdefinituz, ikuspegi pertsonal batetik. Belaunaldien proposamen berri horrek ezarritakoaren paradigma aldatzera behartzen gaitu, ezagututakoaren baretasuna, espero zenaren erosotasuna eta ezezagunaren aurrean jartzen gaituena.

Horrela aurkezten du Laida Lertxundik bere lana: “Landscape Plus deitzen da pieza. Ulertarazteko, Landscape Plus euskaraz Paisaia eta Plus edo gehiago izango litzakete. Paisaia gorputzarekin harremanetan jartzeko modu bat da”. Paisaia eta gorputza bere lanean etengabe ateratzen diren gaiak dira. Zergatik aukeratu du pieza hau sarirako? “Zineman egiten dut lan eta grabatuan, zinemari lotuta. Grabatu bat denez, egokia iruditu zitzaian ematea. Eta gainera ditudanen artean gehien gustatzen zaidana da.”

Kristina Markinak gogora ekarri du sariaren helburua. “Euskal Herriari, bere kulturari, hizkuntzari, historiari eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini dioten herritarrak omendu nahi dira. Aurten, saria herrian bertan geratuko zaigu. Jose Luis Elkoro Unamunok eta Mari Karmen  Ayastuy Agirrek jasoko dute-eta aurtengoa. Euskal Herriaren alde bizitza betea eman dute. Euskara min eta lehentasun, gure iraganarentzat etorkizun bat eraikitzeko lanean aritu dira beti. Baldintza latzetan batzuetan, egoera zailetan gehienetan. Proiektu askotan eta askotarikotan aritu dira haien bizitzan. Esaterako, Bergarako ikastolaren sorreran parte hartu zuten, Elay familia enpresan euskararen normalizazioan aitzindari, alkateen mugimenduan, etab.”

Sari-emate ekitaldia martxoaren 10ean, 18:30ean egingo dugu Seminarixoan.

Sarrerak hartzeko aukera bihar zabalduko da seminarixoa.eus plataforman eta Seminarixoko txarteldegian. Pertsona bakoitzak 4 gonbidapen hartu ahal izango ditu gehienez, amaitzen diren arte. Txarteldegian emanaldiak dauden egunetan haiek hasi eta ordubete lehenago egun eta ordu hauetan:  

  • Martxoaren 2an: 19:00etatik 20:00etara.
  • 4an: 18:30etik 19:30era.
  • 5ean: 19:00etatik 20:00etara.
  • 6an: 16:00etatik 17:00etara eta 18:30etik 19:30era.
  • 7an: 18:30etik 19:30era.
  • 9an: 19:00etatik 20:00etara.