Azken egunotan herrian hizketagai da hainbat enpresen, eta bereziki Wolfratex-en egoera. Bergarako Udal Gobernuak honen inguruan hainbat gogoeta plazaratu nahi ditu.

COVID-19ak sortutako krisi globalak eragina izan du munduan bezala gure herrian. Enpresei dagokienean, esan dezakegu zuzeneko bi egoera eragin dituela, gutxienez. Alde batetik, enpresa, merkataritza eta ostalaritza establezimendu askoren aktibitatea gutxitzea eragin du eta honek, langileen, pertsonen, bizi-baldintzetan modu negatiboan eragin.

Sektore askotan pertsona askoren lan baldintzak okertu egin dira eta horietatik batzuk lanik gabe geratu dira. Udal Gobernuak hauekiko elkartasuna adierazi nahi du eta enpresei eskatu nahi die ahalegina egin dezaten lanpostuei eusteko eta hori posible ez denean bermatu ditzaten langileen eskubideak.

Bestetik, hainbat enpresa egoera zail honetan ekintzaile izan dira eta haien lana birbideratzea lortu dute. Udal Gobernuak bide hori jorra dezaten gonbidatu nahi ditu herriko enpresak.

Wolfratex enpresaren kasuari dagokionez, osasun pandemiaren hasierako hilabeteetan, babeserako maskaren produkzioa martxan jartzeko aukera izan zuen, behar handiena geneukan momentuan eta apustu ausarta egin zuen. Enpresa martxan jarri eta egokitzeko egin behar zituen moldaketak egiteko, Udalak, berari zegozkion lanak bideratu zituen, ulertzen dugulako hala dagokiola. Bergaran dauden enpresek lanpostuak sor ditzaten eta hauek manten daitezen laguntzea dagokio Udalari, zer esanik ez momentu berezi hartan.

Horrekin batera, Bergarako Udalak bertako enpresetan kontsumitzea lehenesten du, eta horrela bertako produkzioa laguntzeko aletxoa jarriz. Adibidez, udal langileek erabil ditzaten, Wolfratex-en ekoizten diren maskarak erosten ditu.
Azken asteetan izandako kaleratzeen aurrean hainbat eragile politikok eta enpresak berak egindako adierazpenek hautsak harrotu dituzte. Egoera horren aurrean Bergarako udalak dei egiten die eragile eta norbanakoei erantzukizunez jokatu eta zurrumurruak ez zabaltzeko.

Harreman jarraitua du Gobernuak Bergarako enpresekin, are gehiago COVID-19ak eragindako egoera zail honetan. Izan ere, osasun ona duen ehun enpresariala izatea beharrezkoa da herria bizirik egon dadin eta bergararren bizi baldintzak duinak izan daitezen. Herrian dauden lanpostuei eustea eta berriak sortzea behar beharrezkoa baita.

Gobernu honek Bergarako enpresa eta langileekiko konpromisoa berresten du eta ildo horretan lanean jarraituko dugu, Enpresare eta FEX bezalako foroetan parte hartuz eta udal jarduna eta baliabideak herriko sustapen ekonomikoa indartzera bideratuz.