Bergarako Udala-k Ar, 2020-07-21 16:06-n bidalia
2020 urtea COVID19-ak baldintzatuta etorri da. Otsailerako udalak kirol, kultur eta aisialdi egitarau oparoa prestatuta zuen uda garairako. COVID19-ak antolatutako jarduera gehienak bertan behera uztea ekarri zuen. Aste Santu inguruan, konfinamenduan geundela, udaleku irekien eta kirol kanpusaren izen emateari ekin zion udalak. Uztaila urrun ikusten zen eta ez genekien uztaileko egoera zein izango zen.
Urtero bezala ekimen hauek harrera positiboa izan zuten eta 475 umek eman zuten izena. Konfinamendua bukatu eta deseskaladaren 3. fasean geundela, Eusko Jaurlaritzak dekretu bat atera zuen haur eta nerabeen udako jarduerak arautuz. Arautegi horrekin ezinezkoa zen 475 umeri udaletik aisialdi zerbitzua ematea, gehienez 200 partaide aurreikusten dituelako araudiak (hezitzaileak barne).
Momentu horretan eta prestaketa lanetarako asti handirik gabe Udalak eta Jardunek udako aisialdi eskaintza antolatzeari ekin zioten. 200 laguneko gehienezko kopurua zegoenez, herriko ikastetxeei lankidetza eskatu zitzaien, Uda Aktiboa ekimena elkarrekin antolatzeko.
Luzatutako proposamena Udalak eta Jardunek 6-12 urte bitartekoen Uda Aktiboa antolatzea izan zen eta ikastetxeek 2-6 urtekoena. Ikastetxe guztiek (Angiozarko eskolak, Aranzadi ikastolak, Mariaren Lagundia ikastolak eta San Martin Agirre ikastetxeak) baiezkoa eman zioten Udalaren eta Jardunen proposamenari.
Uda aktiboa ekainaren 29an hasi zen, talde txikietan, taldeen arteko elkar ekintzarik gabe, kanpoko espazioak erabiliz, musukoen erabilerarekin, eskuen garbiketa inoiz baino gehiago zainduz, COVID19-aren inguruko kontingentzia plana eta protokolo zehatza betez.
Hezitzaile eta koordinatzaile taldeak egoerari gogo eta ilusio handiz egin dio aurre, prestaketa oso azkar egin behar izan zen baina dinamika oso politak eta jarduera dibertigarriak atera dira aurrera. Hasieran protokoloari buruzko zalantza handiak egon ziren familien artean (batez ere musukoaren erabileraren ingurukoak), baina guraso zein haurren jarrera oso positiboa izan da eta segurtasun protokoloa aurrera eramateko ez da inolako arazorik egon. Hiru aste hauetan umeek primeran pasatu dute eta parte hartzaileen balorazioa oso positiboa izan dela esango genuke. Elkarrekin jolastu eta disfrutatzeko sekula baino premia handiagoa egon da, baita umeak euskaraz aritzeko ere, eta famililen lan eta hezkuntza kontziliazioa errazteko; horri guztiari ondo erantzun zaiola uste dugu.
Uztailaren 18an, Euskal Autonomi Erkidegoko datu epidemiologikoak gora egiten dutela ikusita Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak udalei gomendatu zuen udalekuak bertan behera uztea. Egun horretan bertan, bai Udalak, bai ikastetxeek, uda aktiboa bukatzeko astebete falta dela ekimena bertan behera uztea erabaki zuten pena handiz.
Familia askok lau asteko iraupeneko Uda Aktiboa egiteko ordainketa egin zuten. Ikastetxe guztiak orain oporretan daude; beraz, egoki ikusi da, azken asteari dagozkion 35€-ko diru itzulketak irailean egitea. Horretarako, eskaerak, irailean bertan egin beharko dira. Iraila hasieran mezua bidaliko zaie familia guztiei diru itzulketa eskatzeko jarraitu beharreko urratsak zeintzuk diren azalduz.
Udak eta uda aktiboa ekimenak eman dizkigun momentu eta irudi alai eta positiboekin gelditzen gara. Uda zoragarria izan dezazuela! Laster arte!