Aurten gehiago itxarotea tokatu bada ere, heltzear daude bergararrondako hain kuttunak diren Pentekoste jaiak. Bost egun luzeetan Bergarak herri bizi-bizia eta ekimentsua dela erakutsiko du beste behin. Bizia dela egunerokoan ikusten dugu eta horren adibide argia da, hain zuzen ere, Pentekosteak antolatzeko, Udalarekin batera, Jai Batzordeak eta hainbat eragilek egiten duten lana. Horietako batzuk hemen daude gaur.

Gardentasunari dagokionez, aurten ere jaien aurrekontua 130.000 eurokoa da, eta etxeetan jasoko duzuen esku-orrietan desglosatuta dituzue gastuak. Eskerrik asko hemen zaudeten eta etortzeko aukera izan ez duzuen eragile eta herritar guztioi, eta ondo-ondo pasa Pentekosteak!

Hemen egunez eguneko programa: pentekosteak19_1.pdf

Jaien hasiera aurreratuta

Jaien hasiera ordu erdi aurreratuko da eta Bitorianatxo 19:30ean jaitsiko da. Txupinazoa jaurtitzearen arduradunak Katxalin elkartekoak izango dira, egiten duten lana goraipatzeko eta ikustarazteko.

Horren ostean, aipatzekoa da azken urteotan auzolanean Oxirondo Aisialdi Guneko gurasoek antolatzen duten parrillada eta animazioa. Gau horretan bertan En Tol Sarmiento eta Guda Dantza taldeen kontzertua izango da plazan.

Larunbatari goitik eutsiko diogu jaietan hain handia bihurtu den Erraldoi Gunean, eta nobedadea da, gainera, aurten Bitorianatxo erraldoi berriari ongietorria egingo diogula. Egun horretako beste berrikuntza da 2018ko jaietatik aurtengoetara bitartean jaiotako umeen argazki erraldoia eskuratzeko aukera izango dela.

Zezenak ere ez dira faltako, eta ziur Errekortadore Gazteen Txapelketak aurten ere zezen plaza goraino beteko duela.

Iazko ekimenari eutsiz, herriko bi rock taldek kontzertua egingo dute Irizarko plazatxoan: Low Cost Deluxe eta Black Lemon. Eta zuzeneko musika borobiltzeko, gauean Esne Beltza San Martin plazan.

Domekan egingo direnen artean gogoratzekoa jaietako klasikoa den Musika Bandaren kontzertua aurten Udal Pilotalekura pasa dugula, oso berezia izango delako. Egunari akabera emateko, Oinkari eta Hika konpainien ‘Sagartu’ dantza ikuskizuna izango da.

Astelehenean, Koadrilen arteko herri kirolek eta Herri bazkariak hartuko dute protagonismoa. Eta astearterako dozenaka plan daude.

Gogoratu, gainera, ostiral eta larunbat gauetan autobus zerbitzu bereziak izango direla.

Erasoen kontrako ekintzak

Jaietan eraso sexistak eta LGTBIfobia saihesteko hainbat ekintza jarri dira martxan: edozein erasoren aurrean nola jokatu zehazten duen kartela osatu da, jaietako programan, kalean, whatssapp bidez zein eskolatan zabaltzera emango dena. Eskolei dagokionez, gainera, gai honi buruzko saioak antolatu dira eta neska guztiei txilibituak emango zaizkie.

Horrez gain, eraso matxisten kontrako pin-en banaketa jarri da martxan, eta nahi duten tabernek aukera dute 'Jaixetako bizipoza, eraso barik goza' leloa duten zapiak jasotzeko.

Eranskinak: