Bergarako Udala-k Az, 2019-04-10 11:14-n bidalia
Bergararren Arreta Zerbitzuak eman ditu lehen pausoak otsailaren 14an ateak zabaldu zituenetik. Arreta zerbitzu integrala da, non herritarrek behar dituzten tramite guztiak lehiatila bakarrean egiten dituzte. Herritarrei zerbitzua hobea eta eraginkorra emateko sortu da eta hasi da lehen fruituak ematen. Emaitzak begi bistan daude: herritarrek puntu bakarrera jo behar dute eta pertsona bakarrarekin egon behar dute behar dituzten tramite guztiak egiteko.
Bergararren Arreta Zerbitzuak atentzio integrala eskaintzen du: batetik, era guztietako informazioa eman; eta bestetik kudeaketa lanak (erregistroa, errolda, kobroak…). Gainera, Bergararren Arreta Zerbitzuan bertan jasotzen dira Udalera heltzen diren telefono deiak, e-postak eta posta arrunteko mezu guztiak. Gero, handik bideratzen dira dagozkion sail edo zerbitzutara.
Hala, otsailaren 14tik B@Z da edozein herritar Udaletxearekin aurrez aurre, telefonoz zein e-postaz harremanetan jartzen dena bere eskaerari erantzuna ematen diona. Fisikoki B@Z kokatuta dago orain arte idazkaritza egon den tokian, eta bertan lau langile aritzen dira arreta egiten, Udalean barruan aukeratuak izan direnak.
Herritarrek oso ondo hartu dute zerbitzu berria, informazio eta tramite guztiak zentralizatuta dituena. Eroso eta praktikotzat dute.
Datu adierazgarri batzuk
Otsailean bataz beste 85 pertsonek jaso zuten egunero zuzeneko arreta; eta martxoan, aldiz, bataz beste 104 pertsonek jaso dute egunero zuzeneko arreta. Datu horiek gorantz joango direla aurreikusten da.
Herritar horiek jaso duten arretaren bataz besteko iraupena 13 minutukoa izan da; izan ere, B@Zera joaten diren pertsona gehienek tramite bat baino gehiago egiteko aprobetxatzen dute. Gainera, orain ilara bakarra egin behar da nahi beste tramite egiteko. Lehen, baina, hainbat ilara egin behar izaten ziren; hori saihestu egin da. Eraginkorragoa da oraingo zerbitzua.
Arreta zuzena jasotzeko itxarote-iraupenari dagokionez, bataz bestekoa 8 minutukoa da.
Udalaren iritziz, datuak onak dira, baina oraindik azkar da finkatzeko, eta ziur denboraren pasoarekin datu horiek egonkortu eta gehiago laburtuko direla.
Ordutegi oso zabala
B@Zera jende gehien etortzen da ostegunetan (goizez eta arratsaldez zabalik dago) eta astelehenetan. Era berean, jende gehien batzen den ordutegia 10:00etatik 13:00etara artekoa da.
Horren aurrean eta pilaketak ekiditeaz gain, herritarrei aukera guztiak ezagutzera emateko, jakinarazten da B@Z astelehenetik ostiralera zabalik dagoela 07:30 eta 15:30ak bitartean. Gainera, ostegunetan 16:00etatik 19:00etara ere egiten da zuzeneko arreta.
Horrez gain, Udalak gogoratu du Bulego telematikoa ere erabilgarri dagoela Udaletxea zabalik dagoen egun eta ordutegi guztian, 06:00etatik 22:00etara, asteburuak barne. Bulego telematikoan norberaren kasa egin daiteke:
-Inongo identifikaziorik gabe, erreziboak ordaindu (txartelarekin). Honetarako erreziboa eduki behar duzu.
-Karnetarekin identifikatuta: errolda ziurtagiria (norbanakoa zein historikoa) eta, berrikuntza gisa,
=ordainduta dauzkazun errezibo guztiak bistarazi eta inprimatu.
= ordaindu gabe dituzun erreziboak ere ikusi eta ordaindu (txartelarekin).
-Identifikazio sistema elektronikoa erabiliz (hau da NAN elektronikoa, Izenperen txartela edo B@kQ, etab.) sarrera erregistroan idatziak aurkeztu.
Eta, ezin ahaztu, tramiteak on line ere egin daitezkeela bergara.eus webgunearen bitartez.
Aste Santurako ordutegiak
Eta, bide batez, jakinarazi nahi da apirilaren 15etik 26ra bitartean, Aste Santu eta Pazko Asteko oporrak direla-eta, B@Zeko ordutegia murritzagoa izango dela: hala, 07:30etik 14:30era egongo da zabalik; eta ostegun arratsalde horietan ez da zabalduko.