Larunbat honetatik, martxoak 30, apirilaren 27ra bitartean musikarekin lotutako 33 ekitaldi izango dira Bergarako txoko eta kale ezberdinetan, XV. Apirilean Musika lelopean Bergarako Musika Eskolak antolatuta Udalaren laguntzarekin.

Aurten ere ekintzak herriko txoko askotarikoetan egingo dira: kalean, Musika Eskolan, Seminarixoan, Aroztegin, Zabalotegin, Mariaren Lagundiaren elizan, Santa Marina elizan...

Emanaldiak musika ikasle zein herritar guztientzat zabalik daude, gazte zein heldu; hala nabarmendu nahi izan dute egindako aurkezpenean. Era berean, ekintza guztiak doan izango dira.

Esan bezala, ekitaldiak larunbat honetan, martxoak 30, hasiko dira eta hasteko 'La Boheme' operaren proiekzioa izango da Seminarixoan. Luxuzko obra kalitate onenarekin ikusi eta entzuteko aukera paregabea.

Data horretatik apirilaren 27an Bergarako, Segorbeko eta Mislatako Musika Eskoletako bandek eta orkestrak elkartrukean Santa Marina elizan kontzertu bateratua egingo duten egunera arte musika alde guztietan izango da Bergaran: kontzertu didaktikoak, ikuskizunak, kontzertuak...

Musika Eskolako zuzendari Marije Ugaldek azpimarratu du programa hau oso garrantzitsua dela ikasleen formakuntzarako, baina baita ere badela modu bat herriari erakusteko Musika Eskolan zer egiten den eta herriari ere bueltan ere emateko.

Ekintza batzuk nabarmentzearren, hauek:

-Ikastaroak: Musika familia tailerra; Nagusiendako musikoterapia; Ikusi, entzun eta asmatu tailerra; Beat Box; eta Metal instrumentuen ezagutza eta mantenua.

-Seminarixoan egingo den Ipuin Musikatua.

-Gitarra tailerra.

-Kontzertu didaktikoak: 440 umek parte hartuko duten kontzertu pedagogikoa; eta Bandarekin batera egingo dutena, Enrike Txurrukaren gidaritzapean.

-'Musika Kalera' ekimena: Plazan, pilotalekuan eta Irala kalean arituko dira.

Arloa: