Seminario azpiko parkingaren aldeko pauso berri bat eman du Udalak, herritarron aspaldiko eskaera gauzatzeko bidean. Udal honentzat estrategikoa da erdigunean aparkalekuaren arazoa konpontzea; eta azpiegitura honek erantzuna emango dio gabezia horri. Mesede handia egingo digu herritarroi eta bisitatzen gaituztenoi gure zerbitzu, komertzio eta garapenerako.

Kontratatu da BEB arkitektura enpresa Seminarioko patioaren etorkizuneko urbanizazioa burutzeko egon daitezkeen alternatiba ezberdinen azterketaren inguruko dokumentu teknikoa idazteko. 7.865 euroko (BEZ barne) aurrekontua du kontratazio honek.

Hala, Seminarioko parkinga egiteak ekarriko du zentroko gune horretan beste hobekuntza asko: borobilduko da hain transituta eta erabilia den kalea eta patioa. Inguru hori eraldatu eta hobetu nahi da. Izan ere, lanak diseinatu ahala suertatu dira hobekuntzak egiteko hainbat aukera.

Seminarioko patioko lur azpian, solairu bakarrean, errotazioko aparkalekua eraikiko da. Aparkaleku berri honek 2.285 metro koadro izango ditu, lauki zuzen itxurarekin, eta bertan 86 aparkaleku aurreikusten dira: horietatik 3 mugikortasun mugak dituztenentzat eta beste 3 ibilgailu elektrikoentzat. Ibilgailuen sarrera eta irteera Ibargarai kaletik izango da, zehazki Justo Garate plazaren azpian dagoen aparkalekuko sarrerari paralelo.

Asmoa da aparkalekuko lanak uztailaren 1ean hastea, Ikastolako ikasturtea bukatzearekin bat; eta aurreikuspena da lanak urtebetean egitea. BEB enpresari enkargatutako lanarekin aztertu nahi da goiko urbanizazioa dagoen bezala utzi edo hobetu behar den aukerak biderkatuz. Era berean, Udala harremanetan dago hainbat eragilerekin hauen nahiak eta ekarpenak jasotzen.