Bihar, larunbata, ohikoa den moduan Erregeak izango dira herrian, agenda zabalarekin:

Lehenik eta behin, 17:00etan, Erregeak Mizpirualde Egoitzara joango dira Herribusean.

Ordu berean, Bizar Zurik, erregeen postariak, umeen gutunak jasoko ditu Udaletxeko atarian, 17:00etan. Horren ostean, San Joxepe elkarteko kideek prestatutako txokolate-jana izango da Udaletxeko atarira bertaratutakoendako. Eta 18:00etan bertan Bedelkarrek antolatutako erosketa txartelen zozketako irabazlea jakinaraziko da.

Handik apur batera, 19:00etan, Errege Kabalgatari hasiera emango zaio. Ibilbidea honako hau izango da: Udal biltegia, Masterreka, Bideberri, Ibargarai, Herrilagunak, Domingo Irala, Irizar, Barrenkale, San Martin Agirre plaza, Bidekurutzeta, San Pedro, Artekale, Arruriaga, Udal Biltegia.

Autobus zerbitzu berezia

Bergarako Udalak Foru Aldundiarekin lankidetzan gaueko autobus zerbitzu berezia jarri du larunbat gauerako Antzuola eta Elgetatik. Bestalde, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza, Eibar eta Soraluze artean larunbatetako ohiko ordutegia izango dute.