Europako Fisika Elkarteak (European Physical Society, EPS) Bergara Zientziaren “Leku Historiko” izendatu du. EPSko presidenteak, Rüdiger Voss-ek, sari garrantzitsu hau emango dio Bergara herriari datorren urriaren 20an. Horrela eman dute aditzera Bergarako alkate Elena Letek eta Donostia International Physics Center-eko (DIPC) presidente Pedro Miguel Etxenikek, gaur goizean euskal ikerketa zentroan ospatu den prentsaurrekoan. Urriaren 20rako Gipuzkoako herrian ekitaldi instituzional bat prestatu da. Bertan, Urkullu lehendakaria buru izanda, euskal autoritate gorenenek eta Europako ordezkariek hartuko dute parte.

Etxenikek azaldu duenez “sari nabarmen hau fisikaren bilakaeran funtsezkoak izan diren lekuei ematen die EPSk, gizadiaren aurrerapenean modu erabakigarrian lagundu dutenei”. Lehenago, Institut Curie (Frantzia) edo CERN Synchrocyclotron (Suitza) bezalako erakundeek jaso dute sari hau. Modu honetan, Bergara “Leku Historiko” bilakatuko da Elhuyar anaien lanari esker, wolframioa isolatu zuten lehenak izan baitziren Gipuzkoako herrian.

Garai hartako jarduera zientifikoa Laboratorium-ean eta Bergarako Seminarioan burutu zen eta beraien balio historikoa aitortzeko EPSren plaka bat jarriko da bi eraikinetan. Alkatearen hitzetan “Bergara Euskal Herriko zientziaren sorgunea izan zen eta Europako ideia berriekin bat egiteko nahia eta adorea izan zuen. Gerora, ondare guzti hori berreskuratzeko egindako lanaren emaitza da Laboratorium Museoa. Bertan dago gure zientzia bilduma eta ateak zabalik ditu”.

EPSa 1968an sortu zen eta Europako elkarte zientifiko garrantzitsuenetako bat da. Haren kideen artean Europako 42 fisika elkarte nazional, fisikaren arlo guztietako banakako pertsonak eta Europako ikerketa erakundeak daude, 130.000 pertsona baino gehiago elkartuz. Zientzia erakunde gisa, EPSk fisikaren aurrerapena sustatzen du, Europako fisika komunitatearen interesak babesten ditu eta nazioarteko elkarlana bultzatzen du.

Duela bi urte, DIPCk proposamen bat aurkeztu zion EPSri, non wolframaren aurkikuntzan Laboratorium-aren eta Bergarako Seminarioaren garrantzi zientifiko eta historikoa azaltzen zuen. DIPCko presidenteak, Pedro Miguel Etxenikek, eskerrak eman dizkio gaur Elena Lete alkateari “Bergarako udalak prozesu osoan zehar eskainitako laguntza baliotsuagatik”. Bergarak 750. urteurrena bizi duen urtean, urriaren 20ko ospakizuna “iraganari errekonozimendua izango da, etorkizunera begira” gaineratu du Elena Lete alkateak.

Elhuyar anaiak, Juan Jose eta Fausto, lehenak izan ziren wolframa isolatzen. Zientzia modernoaren eta teknologiaren aurrerapenean erabakigarria izan zen elementu metaliko berri hau. Wolframa modu arruntean erabiltzen da lanparen filamentuetan eta altzairu berezien fabrikazioan. Material estrategikoa da eta produktu gutiziatuen zerrendan egon da Bigarren Mundu Gerraz geroztik. Adibide gisa, Estatu Batuek sei hilabeteko erreserba nazionalak mantentzen dituzte.

Prentsaurrekoan, Etxenikek azpimarratu du “errekonozimendu hau Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen lorpena ere bada” eta bere kideak bereziki gonbidatu nahi izan ditu urriaren 20ko ospakizunera.

Elena Lete alkateak azpimarratu du Bergarak zientziari eman diona eta herriak hori zaintzeko eta berreskuratzeko egindako lana:

"Bergarako Udalarentzat eta niretzat bere ordezkari moduan ohore handi bat da Historic Site izendapena jasotzea. Esker oneko hitzak bakarrik ditugu DIPCentzat eta Pedro Miguel Echeniquentzat. Gure enbaxadore izan zarete Europako zientzia gune garrantzitsuenetan eta Bergararen berri eman duzue; eta orain apustua egin duzue izendapen ekitaldiak bergarar izaera izateko, oso eskertuta gaude.

Hori esanda, azpimarratu nahiko nuke Bergara aspalditik dela Euskal Herriko zientziaren sorgune. Bergarak berrikuntzaren aldeko apustua egin du, gutxienez XVI. mendearen amaieratik; Europan garai desberdinetan ematen ziren bide eta ideia berriekin bat egiteko nahia eta adorea izan du beti. Duela 250 urte inguru, ilustratu talde batek proiektu berri bat sortu zuen, gerora Wolframa aurkitzeko aukera emango zuena. Nahiz eta krisi-egoera sakon batean murgilduta egon, hezkuntza eta ikerketa zentro bikaina sortu zuten: Errege Seminarioa, bi mendetan zehar lurraldearen modernizazioa bultzatzea lortuko zuena. Talde baten ilusioaren eta lan eskergaren ondorioz da Bergara gaur egun dena.

Gerora, ondare hori guztia berreskuratzeko eta iraganean egin zuten bezala ezagutza hori herritar guztiei zabaltzeko lan handia egin dute ehunka herritar, politiko, eragile, boluntariok eta gaur egun horren emaitza da Laboratorium Museoa. Han dago gure zientzia bilduma eta ateak zabalik ditu. Bergarak aurten 750. urteurrena bizi du eta efemeride hori borobiltzeko eta gure iraganekoei merezitako errekonozimendua egiteko izugarrizko saria da izendapen hau. Izan garelako izango gara! Eskerrik asko!".

Zientziaren beste Leku Historiko batzuk: Bergarako Laboratorium-az gain, aurreko urteetan honako hauek lortu dute saria, besteak beste:

-Institut Curie (Frantzia).

-CERN Synchrocyclotron (Suitza).

-Einstein House, Berna (Suitza).

-Niels Bohr Institute (Danimarka)

-Kamerlingh Onnes Laboratory eta Instituut-Lorentz (Holanda)

-Philips Nat Lab (Holanda).

-Observatori Fabra (Bartzelona).

-Residencia de Estudiantes (Madril).

-Institute for Advanced Study, Princeton (AEB).

- Dublin Institute for Advanced Studies (Irlanda).