Bergarako Udala-k Or, 2018-06-08 12:50-n bidalia
Gaur, ekainak 8, zabaldu da Bergarako kirolaren historia batzen duen argazki erakusketa Agorrosinen. Uztailaren 28ra arte egongo da ikusgai taberna ondoan dagoen patio estalian.
Iñigo Zaitegiren ekimenez, Pili Arinekin eta Udalarekin lankidetzan, Bergarako historian arakatu eta herrian izan diren diziplina guztietako argazkiak batu dituzte, gizonezkoenak, emakumezkoenak, hamarkada desberdinetakoak... Irudiak Udal Artxibotik, BKEren bildumatik eta Pol-Pol mendizale taldetik hartu dituzte. Horien artean, badira dagoeneko herrian praktikatzen ez diren diziplinak ere: atletismoa, harri-jasotzea, badminton, boxeo, motorrak...
Argazki zaharrenak 20ko hamarkadakoak (Agorrosin futbol zelaia) eta 30eak (cricket-a Mariaren Lagundian) dira, baina diziplina guztiak batuta daude. Are gehiago, argazki bakoitzean agertzen diren pertsonen izen-abizenak ere jaso dituzte.
Erakusketa hau uztailaren 28ra arte egongo da ikusgai Agorrosinen. Horren ostean, abuztuan Aroztegira eramango dute.
Udalaren asmoa da Agorrosinen dagoen patio estali horretan etorkizunean beste erakusketa batzuk ere gehitzea.