Dagoeneko hasi dira Boni Laskurainen -kanposantuaren eta Ipintzako patioaren artean- calistenia parke bat egiteko lanak. Calistenia da gorputzaren pisuarekin eta orekarekin jokatuta alturan ariketa fisikoak egitea. Parkour antzeko modalitate bat, baina horretarako espreski jarritako barra eta plataformekin.

Orain dela urte eta erdi gazte talde batek Udalera jo zuen halako parke bat jartzeko eskatuz, eta hainbat sinadura batu zituen. Udalak eta gazteek hiru bilera egin izan dituzte parkearen zehaztasunak eta kokapena zehazteko; eta tarte horretan beste gazte talde batek eskaera antzekoa egin du. Hala, bi taldeekin batera definitu da behin betiko proiektua eta kokapena.

Sasoi enpresak astean hasi ditu lanak; bera egiten dabil obra zibila eta harriak jartzeko gunea; eta Deportes Urbanos-i erosi zaio parkea bera eta instalazioa. Guztira, 15.000 euro inguruko aurrekontua izango du.

Parkea ekaina bukatu aurretik gauzatuko da.