2018an Bergarako udalerriak herri-gutuna jaso zuela 750 urte beteko dira. Urteurren esanguratsu hori merezi duen bezala gogorarazteko, hainbat jarduera eta ekimen prestatzen ari dira Udala eta hainbat herritar; ekintza horietan gure historia, lorpenak, izaera eta komunitate-indarra jasoko dira. Era berean, urteurren honek balioko du erakusteko zer izan den Bergara iraganean, nolakoa den gaur egun eta norantz goazen.

Uda aurretik Udalak herritarrak bilera ireki batera deitu zituen eta ordutik hainbat lan-talde eratu dira Bergararen arlo desberdinak lantzeko: Kultura eta Kirol Mahaia, Hezkuntza Mahaia, Mahai Historiko-Zientifikoa eta Garapen sozio-ekonomiko Mahaia. Bertan herritar eta eragile desberdinen hausnarketa eta ekarpenak jaso, eta dagoeneko hasiak dira horien gainean lanean.

750. urteurrenaren inguruko ekintzek ardatz gisa izango dituzten bost oinarri identifikatu eta adostu dira:

-Bergararen sorrera administratiboa; alegia, zer den Hiribildua izatea.

-Bergararen lurralde eraketa (hasierako eta gaur egungoa).

-Udalerrian hezkuntzan eta zientziaren alorrean egindako lorpenak.

-Ehungintza industria eta emakumeak.

-70eko hamarkadako elkartegintza mugimendua.

Kontakizun historikoa

Pauso garrantzitsuenetako bat izan da Bergarako historiaren kontakizuna sortzea; hau da, Bergara udalerriak bere ibilbidean izan dituen mugarriak eta garapena dokumentu laburtu batean jasotzea. Udalak Eusko Ikaskuntzari eskatu zion dokumentu hori egiteko, baina hainbat herritarrek sortutako Mahai Historiko-Zientifikoak gidatu du lan hori eta izugarrizko ekarpenak egin dizkiote. Lan itzela egin dute. Hauek dira horretan lanean aritu diren herritarrak: Miguel Angel Alvarez, Juan Martin Elexpuru, Miguel Angel Elkoroberezibar, Andoni Larrañaga, Jose Mari Larrañaga, Patxi Larrañaga, Xabier Larrañaga, Juan Madariaga eta Anaje Narbaiza. Dagoeneko bukatuta dago dokumentua eta eskuragarri izango da modu fisikoan Udaleko hainbat eraikinetan (liburutegian, Laboratorium museoan…) zein udal webgunean bertan deskargatzeko moduan. Eskoletara ere bidaliko dira, jakina. "Zer izan garen eta zer garen abiapuntu izanda, izango gara, guztion artean".

Bergararen 750. urteurrenaren Mahai Historiko-Zientifikoko kide den Anaje Narbaizak hainbat zantzu aurreratu ditu: "Oso alor desberdinetako jendea batu gara, oso sentsibilitate desberdinetakoa eta oso armonia oso ona izan dugu taldean. Bakoitzak bere ekarpenak egin ditu, guztiak garrantzizkoak. Eta gure ekarpenek markatu dute Eusko Ikaskuntzako Lourdes Odriozolak idatzi duen dokumentuaren ildo nagusia. Hala, esan dezakegu Mahai Historiko-Zientifikoaren lana hasi berri dela; asmoa da oinarri honi segida ematea. Bergarako historia ikertzen jarraitzeko ildo sendo bat ezarri dugu".

Urteurrenaren ekintza aurrerapena

Hainbat lantaldek dihardute lanean eta dagoeneko badago urtean zehar egingo diren ekintzen aurrerapen bat. Urteurren data uztailaren 30a bada ere, horren aurretik eta ondoren ere izango dira ekitaldi esanguratsuak.

Historiari erreparatuta, Bergarako historia ezagutzeko historia ziklo bat antolatuko da. Eta, horrez gain, erakusketak egingo dira Laboratorium museoan eta baita kalean ere. Gainera, wolframioa isolatzeko esperimentua ere egingo da, besteak beste.

Kultura eta kirolaren arloari dagokionez, haur eta gazteei zuzendutako Bergarako historia liburua osatuko da, herriko erraldoiek kontatuta. Bergarako Musika Bandak CD bat kaleratuko du elkarteetako piezak batuta. Horrez gain, ekainaren 29an San Pedro-San Martzialen harira ekitaldi berezi bat egingo dute herriko kultura taldeek.

Kirol Argazki Historikoen erakusketa ere prestatzen dabiltza eta ikusgai izango da uda aurretik. Eta dagoeneko hainbat kirol elkartek aurkeztu dituzte beraien proiektuak emakumeen presentzia kirolean sustatzeko Bergara Hiria Kirol Txapelketa egitasmora.

Hezkuntzari dagokionez, Bergarako curriculuma unitate didaktikoa prestatzen ari dira; aurten Lehen Hezkuntzako ziklo batekin hasiko dira lanean eta honek jarraipena izango du. Garapen sozio-ekonomikoaren alorrean, ikerketa bat martxan jarri da gaur egungo Bergararen egoera eta etorkizunekoa aztertzeko. Eta, azkenik, gai ludikoagoei dagokionez, Mariaren Lagundia Ikastolak Erdi Aroko azoka antolatu zuen orain gutxi Munibe plazan urteurrenarekin girotzen hasteko. Eta herriko merkatari eta ostalariek jakinarazi dute Aratusteetan Erdi Aroz mozorrotuko dutela herria.