Bergarako Udala-k Og, 2017-11-09 11:30-n bidalia
Laster Bergarak prest izango duen kultura agertoki berriak badu izena! Astean Kultura Batzordeak aukeratu du jasotako ekarpenen artean Errege Mintegiko eliza zaharraren ekipamendu berrirako izena: Seminarixoa. Izen herrikoi baten alde egin dute, herriko toponimiarekin estuki lotutakoa, jendeak kalean erabili ohi duena.
Udalak deialdia egin zien herritarrei eta kultura elkarteei izenak proposatzeko. Hala, Udaletxean eta Agorrosinen buzoiak jarri zituzten, Kultura zerbitzuko e-posta helbidea ere baliatu ahal izan da eta kultura elkarteei ere horretarako gonbidapen berezia egin zitzaien.
Epe honetan 16 pertsonek parte hartu dute eta, guztira, izena jartzeko 42 ekarpen jaso dira. Horietatik batzuk herriko pertsona ilustreekin lotutakoak ziren, baina Kultura batzordeak nahiago izan du izen propioetatik aldentzea bati protagonismoa emanez beste batzuk alboratuko direlakoan.
Eta aurkeztutako izenak aztertuta, Kultura batzordeak izen herrikoi bategatik alde egin du, bertako toponimian errotutakoa eta herritarrek erabili ohi dutena. Seminarixoa izena Aitor Morazak proposatu du. Hortaz, berari dagokio Seminarixoa agertoki berrian urtebetean egingo diren emanaldiez gozatzeko bi pertsonendako bonoa.
Horrez gain, ekarpenak egin dituzten herritarren artean urte osorako bi pertsonendako beste bono bat zozketatu du Udalak; eta honen irabazlea Mañole Ezenarro izan da.
Kultura batzordeak eta Udalak eskerrak eman nahi dizkiete parte hartu duten herritar eta kultura elkarte guztiei.