Ikasturte irekierarekin bat, Agorrosin Ekintza Gunean berritasunak egin dituzte, erabiltzaileen onurarako.

Spa guneari beste ukitu bat eman diote dekorazioa eta argiteria berrituta. Helburua da gune erosoagoa bilakatzea eta argiterian aurreztea. Horrekin lotuta, spa gunetik igerilekura joateko pasabidea egokitu dute, erabiltzaileek ezinbestez korridoretik joan ez daitezen.

Beste berrikuntza bat da bideospinning aukera martxan jarri dutela. Hala, gela horretan jarduerarik ez dagoenean, erabiltzaileek aukera izango dute harreran giltza hartu eta eskuragarri dauden euskarazko 10 bideo-saioak erabilita irakaslerik gabe spinning saioa egiteko.

Eta ikasturte hasierarekin bat, Agorrosin Ekintza Guneko arduradunek bi ohartarazpen egin dituzte: bata, kirol jarduera batzuetarako plaza batzuk daudela oraindik; eta bestea, udako denboraldian Agorrosinen utzitako jarlekuak hartzeko deia. Horretarako, egutegi eta ordutegi zehatza baina zabala egokitu dute: irailak 21, 23, 26, 28 eta 30 10:00etatik 13:00etara bitartean; eta irailak 20, 22, 25, 27 eta 29 17:00etatik 19:00etara bitartean.

Arloa: