Atzo, osteguna, Boluako pilotalekua estaltzearen proiektuari buruzko bigarren parte-hartze saioa izan zen Irizar jauregian. 70 bat lagunek parte hartu zuten eta, aurreko saioan bezala, askotariko iritziak partekatu ziren. Ordubete pasako saioaren ostean, Elena Lete alkateak jakinarazi zuen udal gobernuak ardatz gisa dituen koherentzia, bizikidetza eta partaidetzaren ildoan, egitasmoa behin betiko definitzeko galdeketa loteslea egingo dutela Bolua auzoan.  

Elena Lete alkateak eta Lander Arregi zinegotziak Boluako pilotalekuaren estaltze proiektuaren gaineko zergatia, ibilbidea eta azalpenak eman zituzten, horien artean auzotarren aportazioak jasota egin izan dituzten egokitzapenak eta moldaketak. Eta Udaleko teknikariek eta proiektuaren alternatiba desberdinak idatzi dituzten enpresako ordezkariek ere argibide ugari eman zituzten batzarrean. Udal ordezkariek, aurreko batzarrean iragarri bezala, auzotar batzuek plazaratutako kezkei erantzuna eman zieten: pilotalekuaren itxituraren bitartez kanporatu ahal den soinua erabat gutxituko litzateke, pilotalekuak ordutegi eta erabilera araudi jakina izango luke eta gauez itxi egingo litzateke, eta argiztapena bermatuta izango luke, besteak beste.

Bertaratutakoen artean iritziak askotarikoak izan ziren: pilotalekua estaltzearen kontrakoak, udalerrian pilotan jokatzeko frontoi estali gehiago eskatzen dituztenak zein auzoan erabilera desberdinetarako gune estali bat izatea nahi dutenak.

Horren aurrean Elena Lete alkateak jakinarazi zuen aurrerapausoak eman behar direla eta parte-hartze prozesuan iritzi trukaketak eta aldeko zein kontrako adierazpenak jaso ostean, auzo guztiak hitz egin eta erabakitzeko ordua dela. Horregatik, Bolua auzoak erabakiko du pilotalekua estali ala ez galdeketa lotesle baten bitartez. 

Arloa: