Bergarako Udalak, dekretu bidez, Boluko etxeetatik kanpo bizi ziren familiei euren etxeetara itzultzeko aukera emango die gaur arratsaldean. Orain 3 aste esan bezala, lurjausiei eta lokatz-isurketei eusteko sarea ezartzeko lanak amaitu dira, ostiralean amaitu ziren, eta beraz, gaurtik aurrera, azken hilabeteetan kanpoan bizi behar izan duten bizilagunek etxeetara bueltatzeko aukera dute. Honekin batera, gainera, itxita zegoen bidegorriaren zatia ere irekitzea erabaki da. Izan ere, 15 metro luzeran eta 4 metro altueran dituen sareari esker, egon daitezen erorketak eutsi eta gainera gestionatzeko erraztasunak ematen ditu; erorketa gehiago egonez gero, eutsi egingo du, eta gero, eroritakoa kentzeko errazagoa izango da.Hala, emergentzia egoera amaitutzat eman da.

“Bizilagunak etxeetara itzultzeko bi baldintza zeuden: sarea jartzea eta arriskuen jarraipen eta segurtasun plana izatea. Sarea dagoeneko ezarrita dago eta plana, aspalditik dugu eta jarraitzen dugu. Plan horren arabera, kontrol puntuak ezarri dira maldan eta eguraldiaren arabera, ura, erorketak, harriak… aztertzen dira eta momentuan analisia egiten da. Gainera, Inge enpresak egindako txostenean, beste hainbat ekintza ere jasotzen dira maldaren egonkortasuna bermatzeko. Azkenik, lur-jausia izan zen guneko hormigoizko hesia, lur mugimendua egon zen beste zatira mugitu da prebentzio neurri bezala”, agertu du Elena Lete alkateak.

Modu honetan, 5 hilabeteren ondoren, Boluko bizilagun guztiek euren etxeetan egoteko aukera dute jada. “Udalak beti bermatu du bere presentzia prozesu osoan zehar; beti egoera aztertu eta ondo begiratuta hartu dira erabakiak eta aurrerantzean ere berdin jarraituko dugu”, gaineratu du alkateak.