Bolua auzoan lurjausiei eta lokatz-isurketei eusteko sarea ezartzeko lanak esleitu ditu Udalak. Atzo hasi ziren obran eta 19 egunetan amaituta egotea aurreikusten da. “Lan hauei esker, etxeetatik kanpo dauden 5 familiek itzultzeko aukera izango dute eta bidegorria bera zabaldu ahal izango dugu. Honekin, emergentzia egoera amaitutzat emango da. Gainera, jaso dugun txostena, lurjabeei emango zaie, bertan jartzen duenarekin bat al datozen jakiteko. Hurrengo pausoetan ardura ez da Udalarena, lurra ere ez baita Udalarena, baina aurrera egiten lagunduko dugu”, agertu du Elena Lete alkateak.

Sareak 15 metro luzeran eta 4 metro altueran ditu eta sareari esker, egon daitezen erorketak eutsi eta gainera gestionatzeko erraztasunak ematen ditu; “Erorketa gehiago egonez gero, eutsi egingo du, eta gero, eroritakoa kentzeko errazagoa izango da. Era berean, lursaileko beste puntuak babesteko neurriak ere ezarri dira”, adierazi du Hasier Cueva geologoak.

Dagoeneko 5 hilabete igaro dira Boluko lurjausia gertatu zenetik. Ordudanik auzoko hainbat familiak etxetik kanpo bizi izan behar dute eta bitartean, behin behineko neurria ezarri zen new jersey euskarria jarriz eta lurjausiaren inguruko azterketa geologiko-geoteknikoa egiten aritu gara.

Azterketaren emaitzak, maiatzaren 8an jaso genituen Ingek SLP enpresaren eskutik. Txosten horren arabera lur-jausia Murua Balzola Fundazioaren eta beste 12 jabe dituen Bergarako 8279 zenbakiko finkan sortu da.

Txosten horretan, besteak beste, adierazten da emergentzia-egoeran hartutako behin-behineko neurria –new jersey euskarria jartzearena– indartu ahal izateko, lurjausien eta lokatz-isurketen aurkako euskarri-sare bat jartzeko beharra.

Ingek SLP geologia-enpresak proposatutakoari jarraituz, Udalak lanen kontrataziorako izapidea abiarazi du, hiru enpresei aurrekontua eskatuz. Hiru eskaintzak aztertu ondoren eta aldez aurretik hiru enpresei finkatutako adjudikazio irizpideak aplikaturik, erabaki da lanak “3S Geotecnia y Tecnología” enpresari 22.687,50 eurotan -BEZ barne- esleitzea. Honela, enpresa honek 19 egunetan ezarriko du Bolu auzoan lurjausiei eta lokatz-isurketei eusteko sarea.

Lanen zuzendaritza, segurtasun eta osasun koordinazioa, berriz, Ingek SLP enpresak eramango du 2.238,50 euroko -BEZ barne- aurrekontuarekin.