Bergarako Udala-k Og, 2016-11-24 23:00-n bidalia
Elena Lete alkateak pozgarritzat jo du Sprilurrek Bergarako Larramendi industriagunean abian jarriko duen proiektua. "Albiste onarekin gatoz. Izan ere, Sprilurrek 3,5 milioi inbertituko ditu Bergaran. Urtarrilean hasiko diren lanei esker, bi eraikin berri izango ditugu Larramendi industriagunean. Baina bide honen hasiera ez dago hemen gertu baizik eta 2003-2007ko udal legealdian, elkarlan on baten ondorioz Udalak eta Eusko Jaurlaritzak aurrera atera zuten Bergaran azpiegitura industrial sendo bat garatzeko plataforma bat, azken generazioko poligono bat diseinatu zen eta urbanizazioa egin zen; lehengo pabiloia 2012an eraiki zen eta harrez geroztik ez da egon inongo aktibitaterik. Horrela, hauteskunde garaian Larramendi indartzeko nahia azaldu genuen eta konpromiso hori aurrera eramatea lehengo momentutik agerian izan dugu".
Egoera honen aurrean udal gobernuak ikusi zuen bere ahalegin guztiak bideratu behar zituela azpiegitura horri etekin handiago bat ateratzeko eta horrela, elkarlan sendo batean ondorioz, pasa den urteko azaroan iritsi zen lehenengo berri ona: SPRILURrek 15 pabiloi txiki egiteko proiektua.
Aurten proiektu horren gainean denok egin dugu lan, bakoitzak dagokion arloan. Horregatik, SPRILURri eskerrak eman nahi dizkiogu erakutsi duen gertutasunagatik, proiektuaren garapenean udalaren iritzia kontuan hartu duelako eta gauzatu duen proiektuak Bergarako hainbat enpresa txikien beharrei erantzungo diolako bai eraikuntzaren diseinuan baita kudeaketan, formula desberdinak ipiniko dituelako bere eskura eta (erosketa, alokairu, erosteko aukerako alokairua).
"Proiektu horren berri dagokion batzordeetan eman dugu eta Bergarako herriak eta haren talde politikoek ezagutzen zuten proiektuaren zehaztapenak, baina egia dena da eraikitzeko momentua heldu arte ez dela benetan neurtu zer nolako garrantzia daukan halako pausua ematea: prest daukagun lurra erabiltzeko aukera izango dugu, aktibitate industriala suspertzeko eta laguntzeko baliogarria izango da eta ingurumen aldetik artifizializatuta zegoen lurra erabiltzen dugu, ez dugu lur berriarekin hiri-lurra hornitzen, .. etabar luze bat egongo da baina honekin alde onenak nabarmentzen dut", gaineratu du.
Bost bat enpresek agertu dute dagoeneko lur horietan kokatu nahi luketela eta horregatik hartu du erabakia Sprilurrek. Gure programan agertzen genuen bezala, Larramendi industriagunea eraberritzea eta piztea funtsezkoa da Bergararen etorkizunerako. Pozgarria da beraz albistea, urteetan geldirik egon den industriaguneari irtenbidea ematea ahalbidetzen baita. Gainera, gure herriko ekonomia poliki-poliki indartzen doala erakusten du eta krisi egoerari, itzulia ematen ari garela.
Bergarako Larramendi industrialdean egiteko den proiektu industrial berri honetan parte hartu nahi duten enpresa eraikitzaileek abenduaren 7ra arteko epea dute euren eraikuntza-proposamenak aurkezteko. Eta Udaletik, dei egiten diegu Bergarara etorri eta Larramendi industriagunean kokatzera euren enpresak. Herrian lanpostu berriak sortzeko aukera eskaini dezaketen proiektu guztiak laguntzeko gaude eta.
"Bergarako sozio-ekonomiaren egoera hobetzeko lanean jarraitzeko konpromisoa hartu genuen eta horretan ari gara, gogor lanean, eta hau da horren emaitzetariko bat. Bergararen mesederako delako. Eta aurrerantzean ere bide horretan lanean jarraituko dugula esan nahi diegu herritarrei. Bergara beti izan da herri industriala, eta izaera horri eustea da gure erronka. Horregatik, Bergarrarek lanpostuak izan ez ezik, lanpostu duinak izateko bideak jorratzen jarraituko dugu", esan du alkateak.
Sabino Azkarate zinegotziak agertu duenez, Udal Gobernuak enpresen alde egiteko agertutako konpromisoari laguntzen dio ekintza honek eta “orain, aurrekontuak jorratzeko garaia denez, hor kokatu eta laguntzeko aukera dugu”.
Alex Arriola, SPRIko Zuzendariak eta Sprilurreko lehendakariak Bergarako Udalari eskerrak eman nahi izan dizkio, "emandako erraztasunak eskertu nahiko genituzke. Denok helburu bera dugula erakutsi dugu. Elenak esan bezala, 3,5 milioi inbertituko dira Bergaran. Proiektuaren baitan pabilioiak eta lokalak eraikiko dira bi lursailetan, bata 7.650 m²-koa eta erabilera industrialerako, eta bestea 765 m²-koa eta erabilera komertzialerako. Eraikin industrialari dagokionez, 360 m² eta 2.000 m² bitarteko 17 pabilioi modular eraikiko dira".
Erabilera komertzialerako lursailaren kasuan, behe solairua + bi altuera eraikiko dira, bakoitza 255 m²-koa. Behe solairua gardena izango da kafetegi-jatetxe bezala erabili ahal izateko, eta goiko bi solairuetan bulegoak egingo dira, bakoitza 100 m² ingurukoa. Une honetan, Larramendi industrialdeak lurzoru industrial urbanizatuko 9 lursail ditu eskuragarri, guztira 149.352 m²-ko azalera erabilgarria dutenak. Lursail urbanizatuek 510 m²-ko azalera dute oinplantako okupaziorako eta 612 m²-koa eraikuntza aprobetxamendurako, beren instalazioak beren kabuz eraiki nahi dituzten enpresentzat. Larramendi industrialdeak era askotako azalerak, eta erabilera eta jarduera motak eskaintzen ditu, hurbil dago komunikazio lotune oso garrantzitsu batetik --Beasain-Durango ardatza-- AP-1 autobidetik, eta aukera ematen du euskal hiriburuekin konektatzeko Eibarko AP-8tik, distantzia berdinera dagoelako Bilbotik, Donostiatik eta Gasteiztik.
Amaitzeko, alkateak lana ondo eginezgero, Larramendi industriaguneak enpresa gehiago erakarriko dituela adierazi du; "Borobiltzeko, esan hazi bat landatu dugula, aukera desberdinak enpresa desberdinentzat ematen dituena. Baina hazi hori ondo landatzea espero dugu, etorkizunean ere enpresa gehiago etor daitezen. Logistika aldetiko so ondo kokatuta dago, konexioak oso onak ditu eta horrek asko errazten du, gainera azpiegitura berriak dira eta hori balio erantsia da. Sektoreak baloratu eta eskertuko duelakoan gaude".