webmaster-k Og, 2025-12-04 10:12-n bidalia
Laboratorium Museoa hamargarren urteurrenaren ospakizunen amaierara iristear da. Hilabete honen azken egunarekin batera itxiko du museoak bere lehen hamarkadaren existentzia. Programazioak baina ez du etenik.
Museoak mugarri bat ezarri du hamargarren urteurren honetan. Bizipen asko ekarri ditu gogora eta memorietan iltzatuta geldituko diren une asko. 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera aldi berri batean barneratuko da. Distiraz betetako hamarkada berri baten lehena izango dena; zientzia gizarteratuz eta gizartea zientziara gerturatuz. Hauspotuta eta indar berriz. Orainalditik etorkizunera begira, iragana ahantzian utzi gabe.
Laboratorium Museoak zientziari ateak zabaltzen jarraituko du aurrerantzean ere. Eta halaxe egingo du abenduan ere, Gabonen aurretik eta Gabonen bueltan antolatu dituen jarduera bereziekin. Adin eta gustu guztietarako ekintzak programatu ditu. Guztientzako irekiak. Guztien gozamenerako. Jarduera guztietan parte hartu ahal izateko aurrez izena ematea beharrezkoa izango da, 943 76 90 03 telefonora deituta edota laboratorium@bergara.eus helbidera mezu bat bidalita.
Abenduaren 7tik hasita tailer, bisita gidatu eta lehiaketa bereziak egingo dira Laboratorium Museoan. Zientzia Sukaldean jarduera izango da lehena, abenduaren 7an, 11:00etatik aurrera. Abenduaren 8an, aldiz, 11:00etan Lorategi historikoetara bisita gidatua antolatu da.
Horiez gain, Olaso dorrera bisitak ere egingo dira, abenduaren 20an, 26an eta 27an. Abenduaren 27an, Isiltasunaren maisulanak: Arizonako taupadak bisita gidatuaz gozatzeko aukera eskainiko da. Abenduaren 22an eta 29an lehiaketa berezien egunak izango dira. Lehenengoz antolatu ditu Laboratorium Museoak. Laboratorium Sekretuaren online lehiaketa izango da lehena ospatzen, abenduaren 22an. Egun osoan zehar burutuko da. “Laboratorium Sekretua zientzia tresnak ezagutzeko online joko bat da. Pistak jarraituz eta erronkak gaindituz, parte hartzaileek museoko instrumentuak identifikatu eta haien erabilera ulertuko dute. Logika, intuizioa eta jakin-mina landuz puntuak lortzen joango dira.
Parte hartzaileak zientzialari bihurtuko dira pantailaren beste aldean”, nabarmendu dute Laboratorium Museotik.
Historium karta jokoaren lehiaketa, aldiz, abenduaren 29an egingo da 11:00etan. Memoria historikoa eta ondarea izango ditu erdigunean. “Bergarako historiako mugarri esanguratsuak eta pertsonaia nagusiak Historium karta jokoaren bidez ezagutzeko aukera paregabea izango dute izena ematen duten parte hartzaileek. Joko dibertigarri eta hezitzaile honek iraganera bidaia proposatzen du, museoko piezak eta gertaera historikoak lotuz”, zehaztu dute.
Horiez guztiez gain, larunbatero, Monumentalera, Museora eta Lorategi historikoetara bisitak eskainiko dira.
Jarraian, Laboratorium Museoak prestatutako programa, jardueraz jarduera, zehaztasunez zehaztasun:
Zientzia Sukaldean
● Abenduak 7, igandea
● 11:00-12:00
● Euskaraz
● Doako jarduera
● Plaza mugatuak: izena ematea beharrezkoa da (943 76 90 03 // laboratorium@bergara.eus)
Gure inguruan aldaketa kimikoak etengabekoak dira, baina haietaz jabetzeko ondo behatzen ikasi behar da. Begirada berezi hori izateko, kimikako hainbat esperimenturekin gure ingurunean zein gure barnean gertatzen diren aldaketak ezagutuko dituzte parte hartzaileek. Zientziak egunerokoan duen rola.
Lorategi historikoetara bisita gidatua
● Abenduak 8, astelehena
● 11:00-12:00
● Elebitan
● Doako jarduera, Laboratorium Museotik abiatuta
Plaza mugatuak: izena ematea beharrezkoa da (943 76 90 03 // laboratorium@bergara.eus)
Herri barruko naturgune babestuetatik ibilbide gidatua egingo da. Lorategi historikoek duten ondarea eta horrek ingurune jasangarri batean duen eginkizun garratzitsua ezagutzeko aukera eskainiko da. Kultur-trukeak ondarea eraikitzeko gai diren erakusleiho biziak dira; izan ere, espezie asko, gaur egun babestuta daudenak, iraganeko beste kontinente batzuetara egindako bidaien emaitza dira.
Bisita gidatuak: Monumentala // Museora // Lorategi historikoak
● Larunbatero
● 11:00etan eta 12:30ean
● Erreserba egiten duen lehen pertsonak hizkuntza hautatuko du
● Prezioa: museoko sarrera
● Plaza mugatuak: izena ematea beharrezkoa da (943 76 90 03 // laboratorium@bergara.eus)
Isiltasunaren maisulanak: Arizonako taupadak
● Abenduak 27, larunbata
● 11:00
● Prezioa: 5,35 euro
● Plaza mugatuak: izena ematea beharrezkoa da (943 76 90 03 // laboratorium@bergara.eus)
● Erreserba egiten duen lehengo pertsonak hizkuntza aukeratzen du
● Laboratorium Museotik abiatuta
Arizonako San Pedro elizak isiltasun sakon eta dotore bat gordetzen du bere baitan. Han, Juan de Mesaren eskutik sortutako Hilzoriko Kristoa zurezko eskulturak, bihotza taupaka jartzen du, artearen eta gizakiaren emozioaren uztarketa indarrari esker. Bisita honetan, barrokoko maisulan hau gertutik ikusiko du bisitariak eta, horrez gain, elizak mendez mende pilatu duen ondare artistiko eta espiritual aberatsa ezagutu du. Historia kolektiboaren isilpeko oihartzuna, eraiki den ondare bizia.
Olaso dorrera bisita gidatua
● Abenduak 20, 10:15 (euskara) // 12:15 (gaztelania)
● Abenduak 26, 10:15 (euskara)
● Abenduak 27, 10:15 (euskara) // 12:15 (gaztelania)
● Plaza mugatuak: izena ematea beharrezkoa da (943 76 90 03 // laboratorium@bergara.eus)
● Prezioa: museoko sarrera
Bergarako altxor ezkutura bisita. Olaso Dorre historikoaren sekretuak, arkitektura eta memoria gertutik ezagutzeko aukera. Historiaz, kulturaz eta jakin-minaz beteriko esperientzia paregabea. Bidaiatu iraganeko historiara eta istorioetara.
Laboratorium Sekretua online lehiaketa
● Abenduak 22, astelehena
● Egun osoan zehar
● Doako jarduera
● Elebitan
● Laboratorium Museoan (museoaren ordutegian) edo online
● Plaza mugatuak: izena ematea beharrezkoa da (943 76 90 03 // laboratorium@bergara.eus)
● Online jokoa: https://laboratorium-sekretua.eus/
Zientzia tresnak ezagutzeko online joko bat da. Pistak jarraituz eta erronkak gaindituz, parte hartzaileek museoko instrumentuak identifikatu eta haien erabilera ulertuko dute. Logika, intuizioa eta jakin-mina oinarri, parte hartzaileak zientzialari bihurtuko dira pantailaren beste aldean.
Historium karta jolasaren lehiaketa
● Abenduak 29, astelehena
● 11:00-12:00
● Doako jarduera
● Elebitan
● Plaza mugatuak: izena ematea beharrezkoa da (943 76 90 03 // laboratorium@bergara.eus)
Ezagutu Bergarako historiako mugarri esanguratsuak eta pertsonaia nagusiak Historium karta jokoaren bidez. Joko dibertigarri eta hezitzaile honek iraganera bidaia proposatzen du, museoko piezak eta gertaera historikoak lotuta. Memoria historikoa eta ondarea eraikitzeko modu parte-hartzailea eta dibertigarria da.

