Udako oporraldia amaituta, eta San Martin jaixak pasata, herriko haur eta nerabe guztiei zuzendutako zerbitzuak abiatu ditu Bergarako Udalak. Hala, 3 ludoteka (Angiozar, Oxirondo eta Osintxu) astelehenetik ostiralera egongo dira zabalik eta Xabalote Gaztelekua, aldiz, ostiraletik igandera bitartean. "Bergarako Udalarentzat ezinbestekoa da haur, nerabe eta hauen familiei kalitatezko aisialdirako zerbitzu pulikoa eskaintzea eta ikasturte berriko helburua ere berdina izango da", agertu du Gazteria saileko zinegotzi den Izaskun Labaienek.

Bergarako ludotekak eta gaztelekua Jardun Euskara Elkarteak kudeatzen ditu, lehiaketa publikoa irabazi ondoren, eta euskara elkartea izanik, zerbitzu guztietan euskararen erabilera sustatzeari garrantzi handia ematen zaio. "Era berean, haur eta nerabeekin lortu nahi diren helburuak anitzak dira; haur eta gazteentzat toki erreferente bat bilakatzea, ekintza ludikoak garatzeko tokiak izatea, sormena lantzea, haurren arteko harremanak sortzea eta sendotzea, inklusibitatea landuko da, herrigintzaren suspertzea…", adierazi du Jardun elkarteko koordinatzaileak, Saioa Garitanok.

Helburu guzti hauek lantzeko ludotekan ekintza ezberdin eta ugari egongo dira adin guztietako haur eta nerabeentzako; sukaldaritza, herriko elkarteekin elkarlanean sortutako ekintzak, eskulanak, irteerak... "Beti ere, haurrak eta gazteak izango dira protagonista, beraiena entzun eta egiten diren ekintzak beraiengandik irtengo dira", agertu dute arduradunek.