Oporrak amaitzear dira, baina Bergaran ez da aspertzeko betarik izango irailean zehar; musika, dantzak, zinea, jaiak, hitzaldiak… izango baitira. Aurtengo iraileko kultur egitarauan berrikuntza bereziak izango direla aurreratu du Maite Agirre Kultur zinegotziak. "Honela, Kultur Batzordean parte hartzen duten eragileek musika klasikoa berreskuratzeko nahia agertu zuten eta ahaleginak egin ondoren, ziklo berezi bat izango dugu bihar bertan, ostirala, hasita".

Zikloa 4 emanaldiz osatuta egongo da; "Hasieratik helburua garbi zegoen; kontzertu bereziak leku berezietan egitea eta Euskal Herriko talde eta musikariak izatea. Orokorrean taldeen kalitatea eta errepertorio entzun-errazak direla nabarmendu behar da", gaineratu du aholkulari lanetan ibili den Iñigo Alberdi adituak.

Musika klasikoaz gain, herriko kultur taldeen diziplina anitzak ere ikusteko aukera izango da. Urtero bezala, iraileko azken asteburuan ekintza eta ekitaldi ugari izango ditugu, baina berrikuntza batekin, izan ere, egun batean izan beharrean, asteburu osoan zehar izango dira.

 

"Gainera, herriko kultur taldeen berri izateko, liburuxka argitaratu dugula gogorazi nahi dugu eta aurten bi talde gehiago ditugu; batukada eta Arakne. Liburuxkan beraz, Bergarako kultur talde guztien informazio praktikoarekin osatuta dago; partaideak, lana, biltzeko orduak eta lekua eta harremanetarako bideak. Beraz, norbait talderen batean sartzeko interesa badu, liburuxka honetan aurkituko du beharrezko guztia. Iraileko eskaintza osatzeko zinea, ikastaroak, erakusketak… denetarik izango dugu. Herritarrak kulturan murgiltzera animatzen ditugu. Oso egitarau potentea osatu dela uste dugu eta eskerrak eman nahi dizkiegu taldeei parte hartzeagatik", amaitu du Agirrek.

Arloa: