Urtero lez denetik izango da aurtengo Erramu Zapatuko Ferian ere. Goizeko 9:30ean zabalduko da feria eta bertan abelburuak, hegaztiak, artisauen postuak edota makinaria egongo dira ikusgai.

Guztira, artisauen 31 postu jarriko dira eta, horietaz gain, beste lau postu egongo dira erakusketa/tailer gisa: forja-lanak eta saskiak egiten bi postu, paper marmolatua egiteko tailerra eta beira tailerra. Abelburuak ere, 70 inguru, ez dira faltako.

Ibargarai hiribidean, Txorimalo Lehiaketako erakusketa 11:30etik aurrera egongo da ikusgai, eta 13:00etan amaituko da sari-banaketarekin. Arratsaldean, gaztetxoenentzako zezentxoak egongo dira Seminarioko patioan. 

Musikari dagokionean, goizeko 11:00etatik aurrera Bergarako Musika Eskolako trikitilari eta dantza eskolakoekin kalejira eta emanaldiak egingo dira Fraiskozurin, Simon Arrietan eta Seminarioan. Era berean, 12:30ean Ibargarain Bergarako trikitilarien emanaldia izango da.

BERTSO SAIOA, FERIARI HASIERA EMATEKO

Azken urteetan bezalaxe, ostiralean, Erramu Zapatuko bezperan, bertso saioa izango da Udal Pilotalekuan 22:30etik aurrera. Bertsolariak Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Beñat Gaztelumendi, Oihana Bartra eta Eneritz Artetxe izango dira, eta gai-jartzaile lanetan Iker Iriarte arituko da. Sarrerak martxoaren 17ra arte internet bidez erosi ahal dira www.bergara.eus atarian, edo egunean bertan pilotalekuko leihatilan 21:30etik aurrera.

ALDAKETAK TRAFIKOAN

Aparkalekuei dagokienez, Ibargarai kaleko 4 zenbakitik aurrera kotxez libre egon beharko da larunbatean goizeko 06:00etarako, bertan ganadua jarriko baita.

Fraiskozuri kaleko alde biak ere libre egon beharko dira martxoaren 18an, ostiralean,  goizeko 07:30erako. Bertan postuak jarriko dira.

Erdialdean aparkaleku asko kenduko denez, ostiral arratsaldean eta larunbatean Ipintza institutuko eta San Martin Agirre ikastetxeko jolastokiak zabalik utziko dira aparkaleku bezala erabili ahal izateko.

Ibargarai, Fraiskozuri eta Bideberri trafikoarentzat itxita egongo dira goizean zehar eta, ondorioz, trafiko guztia bariantetik desbideratuko da.

Horregatik guztiagatik, garajea dutenei gomendatzen diegu egun horretan autoa bertan gordetzea, eta herritar guztiei ahal den neurrian erdialdera etortzeko autorik ez erabiltzea, bertako trafikoa oso neketsua izango baita.

Azkenik gogoratu feria egunetan azken urte hauetan karteristak azaldu direla; horregatik  eskatzen dugu jende multzo artean poltsak eta karterak ondo zaintzea.

Arloa: