1975ean NBEak martxoaren 8a emakumeen nazioarteko egun izendatu zuen, eta egun hori baliatuz aldarrikatzen dugu emakume eta gizonen berdintasuna giza eskubide ez ezik funtsezko beharrezko faktorea dela Euskal Herriaren giza garapenerako, garapen sozialerako eta ekonomikoarentzako.

Abagune ezin hobea dugu munduko emakume guztiei gorazarre egiteko; batzuetan bizitzak arriskuan jarriz ere haien eskubideak lortu eta defendatzeko borrokan aritu diren eta dabiltzan emakume guztiei. Egokiera ona da, baita ere, berdintasuna zer den aitortzeko: kultura eta filosofia bat, gizateria osoarentzat beharrezkoak diren balioetan oinarritzen dena. Berdintasunak pertsona guztien autonomia garatzen laguntzen du, elkartasunean oinarritutako balioak indartzen ditu, parekoen arteko hartu-emanak sustatzen ditu, eta demokrazia hobetzen laguntzen du.

Berdintasuna giza eskubide bat da, pertsona orori atxikitako eskubidea alegia, ezin bortxatuzko eskubidea eta besterenezina. Gizarte bezala, bizitzaren esparru orotan bermatu behar dugu hura betetzea.

Aurten hamar urte bete dira Eusko Legebiltzarrean Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea onartu zenetik.  Lege horretatik abiatuta, berdintasunerantz aurreratu den guztia goraipatzen dugu, eta orain ere aurreratzen ari garena, esaterako Osoko Bilkuran ziur asko onartuko den berdintasunerako foru‑araua. Baina, aldi berean, egiteko asko geratzen zaigula aitortu behar dugu eta aitortu nahi dugu.

Hausnarketa eta balantzea egiteko abagunea ere bada, emakumeok orain arte lortutako askatasun eta eskubideak galtzen ari garelako. Krisiaren aitzakian, lan‑baldintzak okertzen ari dira orokorrean eta are gehiago emakumeentzat. Bestalde, oraindik ere etxeko lanak eta zaintza-lanak emakumeei egokitzen jarraitzen dute hein handi batean.

Gizarte publikoari dei egiteko eguna ere badugu, aldarrikatzeko eguna, zeren eta aurrerabideak lortu baditugu ere, oraindik luzea da emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzeko bidea, eta hori emakumeen borrokaren eskutik eta borroka feministaren eskutik etorriko da. Berdintasun benetakoa lortzea erronka da oraindik ere. Lan‑merkatuan emakumeek gizonek baino % 36,2 gutxiago kobratzen dute batez besteko lan berdinagatik, eta lanaldi partzialetan dauden langileen % 80,9 emakumeak dira.

Horretarako, eraldaketa sozialerako baloreen aldaketa bat behar beharrezkoa da lehenbailehen, emakumeen lan‑bazterkeria betirako amaitzeko, lan-bazterkeria horrek dakarren arraila sozial eta ekonomikoa desagertzeko, ekoizpen-lanaren eta ugalketa‑lanaren banaketa ezberdinari bukaera emateko, eta emakumeen aurkako indarkeria matxista amaitzeko. Hori da emakumeen eta gizonen ezberdintasunaren ondorio gogor eta ankerrena. Badakigu zeregin zaila dugula. Horregatik eskatzen diogu gizartea osatzen dugun pertsona bakoitzari, eguneroko bizitzan bere erabakiekin eta bere jokabideekin berdintasuna eraikitzeko. Guztion zeregina da hainbeste nahi eta behar dugun berdintasuna eraikitzea.

Baina, horrez gain, batez ere konpromisoa hartzeko eguna da. Horregatik, gure ustea berretsi nahi dugu: irmoki jarraitu behar dugu ekintzak bultzatzen, emakumeen eta gizonen artean berdintasun benetakoa eta eraginkorra lortzeko behar diren beste ekintza bultzatzen, horrela lagunduko baitugu gizarte solidario eta justuago bat eraikitzen, bizitza ekonomiaren erdigunean jarriko duena, eta ez alderantziz. 

Guztiontzat eskubide berberak lortzeko bidean aurrera egiteko, beharrezkoa da elkarlana, etenik gabe elkarrekin lan egitea gizarteak, emakumeek eta gizonek, gizarte zibilak, eragile sozialek, sindikatuek, alderdi politikoek eta botere publikoek. Horregatik nahi genuke adierazpen hau planteamendu ideologikoetatik harago joatea, inguruabar sozial eta ekonomikoetatik harago, baita une jakin batetik harago ere, hots, martxotik harago. Izan bedi borroka irmoa eta iraunkorra, izan bedi gure ekintzen ardatza urteko egun guztietan. Justizia sozialak hala eskatzen duelako, eta nahitaezkoa delako gizarte osoarentzat.

Berdintasunak gizarte bezala aurrera joaten laguntzen digu, pertsonen autonomia eta duintasuna hobetzen laguntzen du, errespetua sustatzen du, eta demokrazian zein justizian sakonarazten digu. Horregatik guztiagatik, 2015eko martxoak 8 dituen honetan, emakumearen nazioarteko eguna izanda, emakume eta gizonen benetako berdintasun eraginkorra lortzeko urrats sendoak ematen jarraitzeko borondatea berresten dugu.

Bergarako udal korporazioak emakumeen elkarteen mugimenduak, emakumeen eskubideen aldeko borroka zein borroka feminista indartzeko eta parekidetasunaren eta berdintasunaren aldeko mugimendu oro indartzeko konpromisoa adierazten dute, eta herritarrei dei egiten diete emakumeen nazioarteko egunaren inguruan antolatuta dauden ekitaldietan parte har dezaten.

 

Bergarako Udal Korporazioa