Aurten ere, Kultura Kalean eguna ospatuko da datorren larunbatean, urriaren lauan, herriko kultur taldeek bere lana kaleratuko duten eguna.  Taila, zeramika, pintura, fotografia, erraldoi, musika, dantza eta kantua izango ditugu San Martin plazan eta inguruan.

Hainbat ekintza egongo da egun guztian zehar, goizean eta arratsaldean,  batzuk norberak parte hartzekoak eta beste batzuk,  ikusi eta entzunez gozatzekoak.

Goizean, hamaiketatik aurrera, Taila, Zeramika, Beart eta Arizondo taldeen erakusketa egongo da. Ordu berean hasi eta  hamabi t´erdiak arte,  erraldoiak ikusi eta probatzeko aukera emango digute Bergarako Erraldoi Taldekoek.

Hamabietan, Musika Eskolakoek sei-zortzi urte bitarteko haurrentzako Musioka jokoa (oka jokoa musika gaiekin) gidatuko dute eta, ordu berean hasi eta ordubat t´erdietara, instrumentuak ikusi eta probatzeko aukera eskeiniko dute.

Ordubatean,  dantza, musika eta pintura uztartuko dira,  Osintxuko Musiraka dantza taldea, Bergarako Orkestra Sinfonikoa  eta Bearteko artisten eskutik. Ondoren, goizari amaiera emateko, bisita gidatua egingo da Gaztetxera eta bertan luntxa eskeiniko dute.

Arratsaldeko bostetan, Buztinzale elkartearen eskutik artelanak egiteko aukera egongo da eta Arizondo taldeak argazki kameren maneju orokorra erakutsiko du.

Sei t´erdietan, Bergarako Orfeoiak, Musika Eskolak, Aritzetak eta San Joxepek kontzertua eskeiniko digute eta, ondoren, denok elkarrekin Herrixa Dantzan jarriko dugu.

Amaitzeko zazpi t´erdietan Kantu Jira egingo da Udal txistulari banda eta Alai taldearekin.