Argazkia

San Antonioko  eraispen lanak bere bidean doaz. Planifikatuta zegoen bezala, irailean  zehar, bertan zeuden bigarren eta laugarren zenbakidun eraikinak eta Tejidos Fernández “La Flor” bota dira, argazkian ikusten den bezala.

San Antonio ingurua biziberritzea aspaldiko asmoa da eta horrela jasotzen du Plan Orokorrak. Lanak urratsik urrats egiten ari dira. Lehenengo, Antzuolako erreka kanalizatu zen, Jaurlaritza, Aldundia eta Udalak elkarlanean finantziatutakoa.

Gero, lan horiek eta biribilaren egokitzapena egiteko, ur handien defentsarako Sustapen Ministerioak emandako laguntza baten bitartez finantziazioa lortu zuen Udalak. Eta martxan ez zebilen fabrika eraitsi eta bertan, babes ofizialeko etxebizitzak eraiki ziren, lehenengo faseari amaiera emanez.

Orain, Zubiaurre eta Martokua auzoak herriaren erdialdearekin duten lotura hobetzeko asmoarekin dabil Udala. Horretarako, San Antonioko sarreran enbutu egiten zuten eraikinak bota eta ingurua urbanizatzea nahi du. 

Plana aurrera atera ahal izateko, Udalak “La Flor” zeritzon eraikina erosi zuen eta, baita bidearen beste aldeko bost etxetatik lau ere: bi, lau, sei eta hamargarren zenbakiak. Bigarren eta laugarren zenbakiak eta “La Flor” bota dira. Seigarrena eta hamargarrena udalarenak badira ere,  ez dira bota, zortzigarren eraikinaren sostengu direlako.

Udala  zortzigarren zenbakiaren jabearekin harremanetan dago akordioa bilatzeko asmoz. Udalaren nahia eraikina lehen bait lehen erostea bada ere, esan beharra dago, Plan Orokorrak desjabetze prozesua hastea ahalbidetzen duela.

Horrez gain, alde bietako espaloiak egokitzeko asmoa du Udalak, auzokideek oinezko pasua errazago izan dezaten.

Argazkia