webmaster-k Ar, 2026-07-21 09:28-n bidalia
Bergarako Udalak hasierako onarpena eman dio asteleheneko osoko bilkuran ikasleei zuzendutako “Bergara Bizi” bonu-laguntza arautzen duen udal ordenantzaren aldaketari. 2021ean martxan jarritako programa hau urtero banatu da ikasturte hasieran, irailetik urrira bitartean, eta helburu bikoitza izan du: baliabide ekonomiko urrienak dituzten familiei ikasturte hasierako gastuei aurre egiten laguntzea eta, aldi berean, udalaren ekarpen ekonomikoa Bergarako merkataritzan geratzea, tokiko garapena sustatuz.
Bonu-laguntzen bidez, Bergarako komertzioetan egin daitezke eskolara doazen umeen beharrizanetarako erosketak, hala nola arropak, oinetakoak, kirol materiala, eskola materiala, material informatikoa, betaurrekoak edo lentillak. Horrela, familien beharrei erantzuteaz gain, herriko merkataritza eta ekonomia ere indartzen dira.
2026ko araudiaren berrikuntza nagusietako bat da laguntzen onuradunen multzoa zabaltzea. Orain arte DBE edo GLL jasotzen zuten familiek bakarrik eskatu ahal zituzten laguntzak; hemendik aurrera, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren onuradunek ere aukera izango dute bonu-laguntza hauek eskuratzeko.
Beste aldaketa garrantzitsuena, ordea, eskaera prozedurarekin lotuta dago. Datuen babeserako legeria dela eta, Udalak ezin du aurrez jakin nortzuk diren laguntzen onuradunak, eta, ondorioz, ezingo zaie banakako gutunik bidali orain arte egiten zen bezala. Horregatik, hemendik aurrera familiek eurek egin beharko dute eskaera udalaren BAZ bulegoan. Udalak bereziki azpimarratu nahi du aldaketa hau, izan ere, laguntza jasotzeko ezinbestekoa izango da familiek izena ematea eta dagokion eskaera aurkeztea.
Eskaerak urriaren 1etik 20ra bitartean egin ahal izango dira BAZ bulegoan.
Baldintzak
Eskatzaileek honako baldintzak bete beharko dituzte deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean:
• DBE (Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta), GLL (Gizarte Larrialdietarako Laguntza) edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren onuraduna izatea.
• Onuraduna izango den ikaslearen gurasoetako bat gutxienez azken sei hilabeteetan Bergaran etengabe erroldatuta egotea.
• Bere kargura 3 eta 18 urte bitarteko seme-alabak izatea
• 16 urtetik gorako ikasleen kasuan, ikasle egoera egiaztatzea matrikula agiriaren bidez.
Bonu-laguntzaren zenbatekoa
Bonu-laguntza honako hau izango da:
• 12 urtetik beherako ume bakoitzeko, 100 euroko bonua.
• 13 eta 18 urte arteko gazte bakoitzeko, 150 euroko bonua.
Azken bi urteetan Udalak 17.000 euro inguruko bonuak banatu ditu programaren bidez. Aurten, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren onuradunak ere deialdira batu direnez, laguntza gehiago banatzea aurreikusten da. Halaber, 2026ko udal aurrekontuan 19.500 euroko partida gorde da programa honetarako.

