webmaster-k Az, 2026-04-01 09:14-n bidalia
Euskal Herriko Itzulia 2026 txirrindulari lasterketaren 6. etapa Bergaran amaituko dela eta, Udalak iragarri du hainbat gune eta kaletan trafikoan eragina izango duela eta aparkalekuak hustu beharko direla apirilaren 10 eta 12 bitartean. Antolakuntza eta segurtasun beharrak direla medio, udalerriko hainbat puntutan ezingo da ibilgailurik utzi.
Udalak dagoeneko seinaleztapena jarri du eremu guztietan, eta bertan aparkatutako ibilgailuetan oharrak banatu ditu, herritarrei egoeraren berri emateko.
Neurriak ondorengo kale eta guneetan izango dira indarrean:
• Boni Laskurain kalea (San Martin ikastetxeko aurreko gunea)
• Agorrosineko parkin osoa
• Matxiategi kale osoa
• Hilerriko parkin osoa
• Oxirondoko parkin osoa
• Urdangarin pasealekua
• Lizaria osoa
• Zubieta osoa
• Masterreka osoa
• Burdiñate osoa
• Urarte osoa
Udalak gogorarazi du ibilgailuak bertan mantenduz gero, beharrezkoa bada, garabia aktibatu eta lekuz aldatu beharko direla.
Herritarrei eta bisitariei erraztasunak emateko, Udalak bi gune ireki dituela adierazi du:
• San Martin ikastetxeko patioa
• Ipintza Institutuko patioa
Biak astearte honetatik erabilgarri izango dira, eta apirilaren 12ko 16:00etan libre egon beharko dute berriro.
Bergarako Udalak herritarren ulermena eta lankidetza eskertu ditu, eta gogorarazi du neurri hauek lasterketa eguneko segurtasuna, antolaketa egokia eta zirkulazioaren kontrola bermatzeko ezinbestekoak direla. Era berean, herritarrei gomendatu die ahal den neurrian oinez mugitzeko eta seinaleztapena zein antolakuntza taldearen oharrak errespetatzeko.

