webmaster-k Al, 2026-03-30 10:26-n bidalia
Bergarako Udalak oinarrizko bizi-euskarriaren (OBE) eta desfibriladorearen (DEA) erabilera lantzeko ikastaro praktikoa antolatu du kirol elkarteentzako apirilaren 28an, asteartea, 17:30etik 20:30era, Labegaraietako kiroldegiko kirol elkarteen gelan.
Ikastaroaren helburua herritarrei larrialdi egoeren aurrean modu eraginkor eta seguru batean erantzuteko ezagutzak eta trebetasunak ematea da. Horretarako, parte hartzaileek desfibriladorea erabiltzen ikasiko dute, eta oinarrizko bizi euskarriko protokoloa, baita arnasketa eta zirkulazio laguntzako teknikak ere landuko dituzte.
Antolakuntzatik jakinarazi dutenez, guztira 16 plaza eskainiko dira. Hasiera batean, talde edo erakunde bakoitzeko gehienez bi pertsonak eman ahal izango dute izena. Jasotako izen emate kopurua plazak baino handiagoa izanez gero, zozketa egingo da parte hartzaileen artean.
Gainera, Udalak ez du baztertzen bigarren ikastaro bat antolatzea, eskaerak aukera guztiak gainditzen baditu: “Ikusten badugu jende asko kanpoan geratzen dela, bigarren saio bat antolatzeko aukera baloratuko dugu”, adierazi dute.
Prestakuntzan parte hartzeko, interesdunek www.bergara.eus webgunean egongo den izen emate orria bete eta iugarteburu@bergara.eus helbidera bidali beharko dute. Izena emateko azken eguna apirilak 20, astelehena izango da.

